Politika -

EH Bildu

Iriarte "sinetsita" dago EH Bildu izango dela Gipuzkoako lehen indarra

Maddalen Iriarte ahaldun nagusi izateko hautagaiak gipuzkoarren "benetako kezka eta beharrei" erantzun zuzena emateko konpromisoa erakutsi du. Donostiako alkatetza berreskuratu nahi du Juan Karlos Izagirrek, Udalaren eta herritarren arteko "loturak berrezartzeko".

Maddalen Iriarte eta Juan Karlo Izagirre, gaur, Donostian. Argazkia: EH Bildu
Maddalen Iriarte eta Juan Karlo Izagirre, gaur, Donostian. Argazkia: EH Bildu
Maddalen Iriarte eta Juan Karlo Izagirre, gaur, Donostian. Argazkia: EH Bildu

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusi kargurako EH Bilduren hautagaia "sinetsita" dago bere taldea lehen indarra izango dela Gipuzkoan maiatzeko hauteskundeetan, eta halaxe uste du Juan Karlos Izagirrek ere Donostiako alkatetzari dagokionez, izan ere, hura berreskuratu nahi du EAJk eta PSE-EEk herritarrekiko duten "deskonexioari" aurre egiteko. 

Bi hautagaien aurkezpen ekitaldia egin dute gaur Donostiako Kursaal jauregiko terrazetan. Izagirre oso kritiko agertu da jeltzale eta sozialisten "kudeaketa ereduarekiko", haiek herritarrekiko "deskonektatuta" daudela argudiatuz, "herritarren behar erreal eta oinarrizkoei jaramon egin gabe". Hain justu, Izagirrek azaldu du hori dela euren konpromisoa, "herritarrekiko loturak berreskuratu eta haien eguneroko beharrei erantzutea". 

Iriartek azpimarratu duenez, "politikan beti dago hobetzeko aukera" eta bere ustez, aukera hori probestu behar da "herritarren etorkizun sozioekonomikoa eta ongizatea bermatuko duten politiketan sakontzeko". Hori lortzeko baina, "Gipuzkoak beste errealitate instituzional bat behar" duela nabarmendu du eta EH Bildu da, Iriarteren ustez, "gipuzkoar gehienek nahi dituzten politika aurrerakoiagoak eta soberanistak aurrera eramateko berme bakarra".  

Donostian jaiotako 59 urteko legebiltzarkideak azaldu du, duela sei urte Eusko Legebiltzarrerako EH Bilduren zerrendaburu izatera eraman zuten "ekarpenak egiteko nahi eta anbizio" horiek berak bultzatu dutela orain Gipuzkoako Aldundian "gobernatzeko jauzia" egitera. 

Hautagaiak "euskaratik eta euskaraz" gobernatuko du Gipuzkoaren alde, bai eta "Euskal Herriaren askatasun eta burujabetzaren alde" ere, Espainiako eta Frantziako gobernuen "autoritarismoaren" aurrean. 

Izagirrek, Iriarte bezala 1963an jaioa, EAJ eta PSE-EEri leporatu die, "eta batez ere Goia alkateari", donostiarrek dituzten "arazo larrien" ardura; etxebizitzaren eta alokairuaren prezioa altuak, etxebizitza publikoaren promozio urria eta eredu turistikoa aipatu ditu. 

Nabarmendu duenez, "ez da neure iritzia bakarrik, irudipen kolektiboa da, EH Bilduren hautesle edo jarraitzaileetatik askoz harago doana, are gehiago azken uda honetan bizi izan dugunaren ondotik". 

"Hiri honetan gobernatu genuen, norbaitek hori ezabatu nahi badu ere. Eta modu desberdin batean egin genuen, une zail batean eta inoiz ikusi gabeko presio politiko eta mediatikoarekin", azpimarratu du Donostiako alkate ohiak; gaineratu duenez, auzo guztiak ezagutzen dituzte, "bakoitzaren indargune eta ahulguneak" eta hauteskundeak irabazteko nahia agertu du "egoerari buelta emateko", lehen egin moduan, "bizilagunekin besoz beso lan eginez". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika EH Bildu Zenbat hautagai aurkeztu dira? Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte Udal eta foru hauteskundeak