Politika -

Soziometroa

Aburtok gehiengo osoa lortuko luke, eta PSE-EEk gora egingo luke Donostian eta Gasteizen

Eusko Jaurlaritzak boto asmoaren inguruan egindako azken inkestak aldaketak iragarri ditu Gipuzkoako eta Arabako hiriburuetan. Sozialistek EH Bildurekin berdinduko lukete Gipuzkoako hiriburuan, eta Arabakoan, aurrea hartuko liokete.

Soziometroaren inkesta urriaren 3tik 7ra bitarte egin zuten. EITB Media
Hainbat pertsona Bilbotik ibiltzen.
Soziometroaren inkesta urriaren 3tik 7ra bitarte egin zuten. EITB Media

1:30

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoaren Kabinetearen Soziometroaren arabera, Juan Mari Aburtok (EAJ) gehiengo osoa eskuratuko luke 2023an egitekoak diren Bilboko udal hauteskundeetan, eta PSE-EEk Donostiako eta Gasteizko emaitzak hobetuko lituzke. Hiriburuetako aldaketa horiek kenduta, azken inkesta horren emaitzek ez dute ekainean kaleratutakoarekin alde handirik.

Boto asmoari buruzko inkesta urriaren 3tik 7rako tartean egin zuen Jaurlaritzak, EAEko 3.300 biztanleri telefonoz galdetuta. Ordurako, ia alderdi gehienek aurreratuta zituzten euren hautagaien aukeraketak. Hala, jakina zen Rementeria jeltzalea ez zela berriz aurkeztuko ahaldun nagusi izateko, eta Aburto alkategai izango dela berriro. Odon Elorzak PSE-EEren barne hauteskundeetara aurkeztuko zela iragarrita zuen; ez, ordea, Marisol Garmendiaren garaipena.

Esan bezala, galdeketa honetan badago aldea duela lau hilabete udal hauteskundeetarako iragarritakoekin.

Bilbon, Juan Mari Aburto hautagai jeltzaleak gehiengo osoa lortuko luke (15 zinegotzi), gaur egun dituenak baino bat gehiago, nahiz eta boto estimazioa apur bat txikiagoa izan (ekainean % 44,7koa zen, oraingoa % 44,3koa). Aurreko inkestak ez bezala (14 ordezkariri eutsiko ziola jaso zuen), honako honek bat egiten du EITB Focusek maiatzean aurreikusitakoarekin. EH Bilduk —orain 4 ditu— eta PSE-EEk zinegotzi kopuru bera eskuratuko lukete (5) eta % 15eko babesa baino gehiago (hurrenez hurren, % 16,4 eta 15,2; koalizio abertzaleak puntu erdi egingo luke gora, betiere aurreko inkestarekin alderatuta). Aldaketarik ez Elkarrekin Podemosentzat (2 zinegotzi; orain hiru ditu) eta PPrentzat, % 8,5 eta 8,7ko aurreikusitako babesarekin.

Donostiako boto estimazio eta zinegotzi kopuruari dagokionez, EAJk irabaziko lituzke bozak, baina babesa galduta (ekainean aurreikusitakoa baino hiru puntu gutxiago: botoen % 37,1 izatetik % 33,8 igaroko litzateke). Hori horrela, Eneko Goiak 10 zinegotzi lortu lituzke (gaur egun dituen berberak). EH Bilduk eta PSE-EEk zinegotzi kopuru bera eskuratuko lukete (6), sozialistentzat iragarritako boto estimazioak nabarmen egingo bailuke gora (4,3 puntu igoko litzateke, botoen % 21,5), ia-ia koalizio subiranista harrapatuta (% 21,7) eta ordezkari bat irabazita. Alderdi Popularrak bere hiru zinegotziei eutsiko lieke (botoen % 9,4), eta Elkarrekin Podemosek atzera egingo luke, bi ordezkari eta babesaren % 7,9rekin.

Gasteizen ere badago aldaketarik. EAJk (% 24,2) eta PSE-EEk (% 21,5) zazpina zinegotzi eskuratuko lituzkete, eta, hortaz, sozialistak EH Bilduren aurretik jarriko lirateke. Koalizio abertzaleak sei ordezkari izango lituzke (gaur egun dituenak), % 21,3ko babesarekin. PPk bost zinegotziak mantenduko lituzke (% 18,2), eta Elkarrekin Podemosek —egun, 3 ditu—, 2 ordezkari eta babesen % 7,1 lortuko luke. Ekaineko galdeketan Voxentzat iragarritako hazkundea apaldu du urriko galdeketak: botoen % 3,4 eskuratuko luke, eta oraingo honetan ere, Udaletik kanpo geratuko litzateke.

Foru hauteskundeei dagokienez, ez dago nobedade handirik, betiere Soziometroaren arabera. Araban, jeltzaleek lehen postua errepikatuko lukete, % 30,5eko boto estimazioarekin, ekaineko emaitzetatik ia puntu bat galduta, hori bai. EH Bildu bigarren indarra izango litzateke, babesaren % 23,2rekin. Galdeketaren arabera, PSE-EEk gora egingo luke botoen % 18,8 eskuratuta. "Popularrek" eta Elkarrekin Podemosek botoen % 14 eta % 6,7, eskuratuko lukete, hurrenez hurren. Voxek, aldiz, behera egingo luke (% 3,0), eta ordezkaririk gabe jarraituko luke.

Bizkaian, garaipen argia eskuratuko luke EAJk (% 44,4). Tarte dezentera, botoen % 22,4rekin, EH Bilduk bigarren lekuari eutsiko lioke, sozialistei (% 14,4) zortzi puntuko aldea aterata. Elkarrekin Podemosek laugarren postuari eutsiko lioke, apur bat gora eginda (% 8,2), eta gertu luke PP (% 7,1).

Lehen posturako lehia dago iragarrita Gipuzkoan EAJren eta EH Bilduren artean. Hurrenez hurren, babesaren % 36,3 eta % 33,0 lortuko lukete bi alderdiek. Sozialistek gora egingo lukete, botoen % 16,6 lortuta (ekainean iragarritakoa baino zazpi hamarren gehiago). Elkarrekin Podemosek babesari eutsiko lioke (% 7), baita PPk ere (% 4,4).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Vox Udal eta foru hauteskundeak 2023 Hauteskunde inkestak