Politika -

PSE-EE

Elorza vs Garmendia: martxan da Donostiako PSE-EEko alkategaia aukeratzeko bozketa

Gipuzkoako hiriburuko hiru elkarte sozialistetako 600 militanteen esku dago erabakia. Hautetsontziak gaur, 10:00etan, zabaldu dituzte, 20:00ak arte, eta bi hautagaiek egin dute parte hartzeko deia.

PSE-EEko kide bat Donostiako alkategaia aukeratzeko bozketan. Argazkia: Efe
PSE-EEko kide bat Donostiako alkategaia aukeratzeko bozketan. Argazkia: Efe
PSE-EEko kide bat Donostiako alkategaia aukeratzeko bozketan. Argazkia: Efe

02:36

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako alkatetzarako PSE-EEren hautagaia aukeratzeko lasterketa azken txanpara iritsi da. Alderdiaren barne araudiak eskatzen dituen beharrezko abalak aurkeztuta, gaur ari dira egiten Odon Elorza edo Marisol Garmendia aukeratzeko bozketa, eta egunean bertan jakingo da nor izango den sozialisten zerrendaburua datorren urteko udal hauteskundeetan. Gipuzkoako hiriburuan PSE-EEk dituen hiru elkarteetako militanteen —600 inguru— esku dago erabakia.

Hautetsontziak PSE-EEk Donostian dituen hiru egoitzetan jarri dira: Prim kalean (Enrique Casas elkartea), Intxaurrondon (Margarita Nelken elkartea) eta Altza auzoan (Luis Arbella elkartea). 10:00etan zabaldu dituzte boto-kutxak, eta 20:00ak arteko tartea izango dute militanteek boza emateko.

Dagoeneko bi hautagaiek eman dute botoa, Prim kaleko egoitzan eman ere, eta bat egin dute afiliatuei parte hartzeko egin dieten deian. Marisol Garmendiak azpimarratu du "etorkizuneko hautagaitza erabakitzeko eta Donostiako Alkatetza berreskuratzeko" aukera dutela alderdikideek, eta Elorzak, botoa eman ostean, adierazi du partehartze altua espero duela.

Hautagaitzak aurkeztu zituztenetik, batzarrak egin dituzte alderdiko ordezkari eta militanteekin, eta bakoitzak bere kanpaina partikularra egin du, agerraldi ezberdin eta sare sozialen bidez. Azken horietan, prozesu honek piztu dien ilusioa nabarmendu dute biek. Atzo eman zuten kanpaina amaitutzat.

Odon Elorza, 20 urtez alkate

20 urtez Donostiako alkate izan zenak, joan den abuztuan iragarri zuen berriro hautagai izateko asmoa duela, alderdiko arduradunei eta eskualdeko militanteei igorritako gutun batean. Bertan adierazi zuenez, "Donostiak lidergoa eta hiriaren ideia argia behar ditu, atzerapen handiagorik gabe, hainbat erronkari aurre egiteko".

Odon Elorza

Alkatetza lortuz gero, "bizitza politikoarekiko arrazoi etikoengatik", karguaren soldatari uko egingo ziola esan zuen Elorzak: "Nire pentsioaz biziko naiz, Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean kotizatutakoaren arabera egokitzen zaidana. Alkatetza lortzen ez badut, aldiz, berehala uko egingo diot saiakerari".

"Tokiko gobernantza demokratikoa" eta "ongizate politikak" izan ditu hizpide Elorzak kanpainan zehar, eta gainontzeko erakundeekin elkarlana sustatzearen alde agertu da. Halaber, behin eta berriz esan du Donostiak "politika publiko aurrerakoiak" egingo dituen gobernua behar duela, "integratzailea eta aniztasunaren aurrean errespetuz agertuko dena".

"Kezkagarria iruditzen zait Donostia batzuen autokonplazentziaren eta dauden arazoen aurrean dagoen zalantzaren artean mugitzea. Funtsezko gaien definizio ezak lidergo falta ezkutatzen du. Eta uste dut ilusioa itzuli behar zaiela Donostiako herritarrei", esan zuen.

Garmendia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Politika Donostia Gipuzkoa PSE-EE Hautagaiei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Udal eta foru hauteskundeak