Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

EITB Focusen inkestaren emaitzek EAJ "norabide onean" doala frogatzen dute, Ortuzarren ustez

EAJren EBBko presidenteak nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "Espainiako Gobernuak baino politika aurrerakoiagoak darabiltza". Gasteizen aurreikusten den lehia estua hizpide, Arabako hiriburua "konplexua eta oso aldakorra" dela azpimarratu du.

Ortuzar, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Ortuzar, elkarrizketaren une batean.
Ortuzar, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITB Focusek 2023ko udal eta foru hauteskundeei begirako boto asmoaren inguruko inkestaren emaitzen balorazioa egin du gaur Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Galdeketaren arabera, EAEko hiru hiriburuetan gehiengoa lortuko lukete jeltzaleek. Ortuzarren iritzian, emaitzok frogatzen dute EAJ "norabide onean" doala, eta, hortaz, "pozez" hartu ditu, hitzordurako "urtebete falta dela" ohartarazi badu ere.

Buruzagi jeltzaleak nabarmendu duenez, EAJ "ez da alderdi tradizionalista bat, gizartearekin batera eboluzionatzen duena baizik". Horren hitzetan, "Espainiako Gobernuak baino polika aurrerakoiagoak darabiltza". Izan ere, nabarmendu duenez, Sanchezen gobernuak "iragarpenak egin bai, baina gero ez ditu iragartzen dituen neurri horiek martxan jartzen".

Gasteizen aurreikusten den lehia estua hizpide (EAJ eta EH Bilduren artekoa), Arabako hiriburua "konplexua eta oso aldakorra" dela aitortu du. Gogorarazi duenez, elkarren segidako bost hauteskundeetan bost alderdi ezberdinek irabazi zuten (Marotoren PP udal bozetan; PSE-EE, beste batzuetan; EH Bildu, Europakoetan; Podemos, orokorretan eta EAJ autonomikoetan).

Inkestak EH Bilduri aurreikusten dion igoerari buruz galdetuta, Ortuzarrek uste du "Bildu garai batean zen horretara" itzultzen ari dela, duela urte batzuk "orain aurreikusten dizkioten emaitzak bertsuak" izan baitzituen, horren esanetan. "Ezberdintasuna da lehen sistemaren kontrakoak zirela, eta orain instituzioen moketa azpira etorri direla". Nabarmendu duenez, EH Bildu "gure moduan bozkatzen ari da Madrilen", eta iradoki du akaso "batzuk deseroso" egongo direla "Bildu hain soft batekin, hain dira hard eta", erantsi du ironiaz.

EAJko buruzagiak aitortu duenez, ez dago "kezkatuta" koalizio subiranistak eta PSE-EEk egin dezaketen balizko itunaz. Horren ustez, "indar metaketak zerbaitetarako egin behar dira, zeren helburua bada EAJ botatzea, hurrengo egunean galdera honakoa izango da: "Eta orain zer?". Ildo horretan, aurreikusi du ez dela "erraza" izango EH Bildu PSE-EErekin batera gobernatzea, baldin eta "Bilduk bere programan dioena betetzen badu".

EITB Focusek aurreikusten duen abstentzio altua (% 40koa) kezkaz hartu du EAJko buruzagiak. "Garai oso konplexu" bati egotzi dio, eta aitortu du buruzagitza politikoak "gero eta antz gehiago" duela "telebistan agertzen ziren txontxongilo haiena". Nolanahi ere, uste du "gauzak eskatzeko parte hartu" behar dela. "Abstentzioa gertatzen denaren konplizea ere bada. Alderdi baten kontra bozkatzeak ondorio perbertsoa ere izan lezake, ondorio larriagoak eraginez", ohartarazi du. Hala, "pazientzia" edukitzeko eskatu die herritarrei. "Batzuetan txalo edo kokoteko bat merezi dugu ez gaudelako dagokigun mailan, baina iritzi kritikoa azaltzeko asmoa badago, onena botoaren bidez egitea", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Udal eta foru hauteskundeak 2023 Hauteskunde inkestak 2024