Politika -

Monarkia

Emerituaren itzulerak Espainiako klase politikoa are gehiago zatitu du

Juan Carlos I.ak Sanxenxoko (Pontevedra) Itsas Kluba bisitatu du ostiral honetan. Emerituaren itzulerak zurrunbilo politikoa eragin du azken egunetan. Gaur ere aldeko eta kontrako adierazpenak bildu ditu.

Irudia: EiTB Media
Irudia: EiTB Media
Irudia: EiTB Media

01:17

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a errege emerituak Sanxenxoko (Pontevedra) Itsas Kluba bisitatu du ostiral honetan, 21 hilabete Arabiar Emirerri Batuetan ihes eginda eman ondoren. Emerituaren itzulerak zurrunbilo politikoa eragin du azken egunetan. Gaur ere aldeko eta kontrako adierazpenak bildu ditu.

Emeritua 12:30 aldera iritsi da itsas klubera. Zenbait pertsonak bibaka hartu dute.

Elena infantarekin batera heldu da, ostegunean Peinador aireportutik (Vigo) Sanxenxora eraman zuen ibilgailu berean, Pedro Campos laguna gidari zuela. Campos itsas klubeko presidentea ere bada.

Emerituak ia ordubete eman du instalazioen barruan. 13:30 aldera, tripulazioarekin bildu ondoren, Juan Carlos I.a tokitik atera eta Bribon belaontzia zain zuen kai-muturrera joan da.

Estropadan, ontzia kapitain gisa zuzendu behar zuela zioten zurrumurruek, baina azkenean emerituak lasterketa txalupa batetik bertatik bertara jarraitu du.

Hona hemen politikariek errege emerituaren presentziari emandako erantzuna:

- Isabel Rodriguez ministro bozeramailea: "Gobernuak errege emerituaren erabakiak erabat errespetatzen ditu, esparru pertsonalean kokatzen ditugulako".

- Pilar Llop Justizia ministroa: "Gertatutako guztiaren inguruko azalpenak jasotzea gustatuko litzaioke gizarteari".

- Raquel Sanchez Garraio ministroak adierazi duenez, ikertutako gertakarien berri izateak, Felipe VI.a erregeak eman nahi duen, "gardentasun irudi horri lagunduko lioke".

-Alberto Garzon Kontsumo ministroa: "Bere bizitzako uneren batean egindako guztia zapuztu du, Espainiako erakundeak gaizkile bat izateko baliatuz (…) Gutxienez enpatia eta lotsa pixka bat izan beharko luke, eta barkamena eskatu, aurrekoetan egin bezala".

-Ivan Espinosa de los Monteros Vox ultraeskuineko alderdiaren bozeramaileak, ostera, Espainian egoteko errege emerituaren askatasuna defendatu du. Herritarren babesa azpimarratu du ultraeskuineko ordezkariak, nonahi txalotzen dutelako, Gobernuko presidenteari eta Podemoseko buruzagiei txistu egiten dieten bitartean.

- Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo presidentea: "Gure herriaren historia aztertzen duen edonork errege emeritua Konstituzioa eta demokrazia existitzeko berebizikoa izan zela egiaztatu dezake. Nazionalistek eta independentistek ere Konstituzioa bete behar dute, baita separatistek ere".

- Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidenteak eskatu du errege merituaren aurkako "ankerkeria" saihestea. Horregatik, "erakundeari eraso egiteko aprobetxatu nahi dutenei ez diet jokorik emango", esan du.

- Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak errege emerituari "onena" opa dio. Hala ere, itzuleraren inguruan galdetu diotenean, hauxe erantzun du: "Felipe VI.aren garaia da".

- Carmen Calvo Gobernuko lehen presidenteorde ohia ironiaz baliatu da Twitter sare sozialean: "Gaur tenperaturek gora egingo dute herrialde osoan, sargori Sanxenxon".

- Pablo Echenique Podemoseko bozeramailea: "Juan Carlosek, inolako lotsarik gabe, bere inpunitatea muturraren aurretik pasa behar digulako gaur haserre dagoen jendeak, ondoren, monarkia zuritzen eta Kongresuan ikerketa batzordeak atzera botatzen dituzten alderdiei botorik emango ez diotela suposatzen dut, ez?".

- Joan Baldovi Compromiseko diputatua: "Eskerrik asko, Juan Carlos. Errege batek sekula ez du hainbeste egin monarkiaren ospea zikintzeko".

- Oriol Junqueras ERCko presidentea: "Espainiako Estatuak errege ustel bati sartu eta ateratzen uzten dio inpunitate osoz. Bitartean, haren erregimena zalantzan jartzen duen edonor jazarri, espetxeratu edo erbestera bidaltzen du. Lotsabide demokratikoa da. Horregatik gara, eta beti izan gara, errepublikarrak".

Azkenik, BNGak Barne eta Presidentetza ministroen agerraldia eskatu du, Juan Carlosen itzuleraren inguruan azalpenak emateko. Konkretuki, emerituak azalpenik ez ematea egoki ikusten duten eta bisitak altxor publikoari suposatzen diona argitzea nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Juan Carlos I.a albisteak Espainiako Felipe VI.a albisteak Espainia Alderdi politikoak albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Galizia