Politika -

Kontrol saioa

Pobreziaren prebentziorako eta familia zaurgarriak laguntzeko sare bat osatu dutela defendatu du lehendakariak

Gainera, adierazi duenez, gerrak sortutako gerrari aurre egiteko onartu diren 44 ebazpenetatik 37 martxan jarri dituzte dagoeneko. EH Bilduk kritikatu egin du ez direla nahikoak, eta bost neurri proposatu ditu.

Urkullu, gaur, Kontrolerako Saioan. Argazkia: EITB MEDIA
Urkullu, gaur, Kontrolerako Saioan
Urkullu, gaur, Kontrolerako Saioan. Argazkia: EITB MEDIA

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak defendatu du Jaurlaritzak sare bat osatu duela, integrala, "pobreziaren prebentziorako eta egoera zaurgarriak laguntzeko".

Hala adierazi du gaur, ostirala, Legebiltzarrean egiten ari diren Osoko Saioan, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunda. Koalizioak galdetu dio zeintzuk diren martxan jarriko dituzten neurriak gizartearen pobretze orokortua ekiditeko.

Lehendakariak, erantzunean, nabarmendu du apirilaren 8ko osoko bilkura monografikoan, gerrak eragindako krisialdiari aurre egiteko, onartu ziren 44 ebazpenetatik 37 martxan daudela dagoeneko.

Horrez gain, Iñigo Urkulluk jada abian dauden eta epe motzean abian egotea aurreikusten duten politiken errepasoa egin du. Lehendakariaren esanetan, aipatutako neurriak "ikuspegi integralarekin" pentsatu dira. Horiek dira, besteak beste, aurreko asteazkeneko osoko bilkura monografikoan, erronka demografikoari aurre egiteko, iragarritako neurri batzuk, esaterako, 200 euroko laguntza hilean seme-alabengatik, Haurreskolak doakoak... edo Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearen Aurreproiektua.

Iker Casanovak, bestalde, defendatu duenez, aurretik iragarritako neurriak "ikusi da ez direla nahikoak izan, eta anbizio handiagoa izan behar da". Horretarako, bost proposamen egin ditu eta, bere ustean, Legebiltzarrean akordioa lor dezakete.

Proposatutako neurriak dira: gutxieneko euskal soldata, "gure errealitate sozioekonomikoaren araberakoa", soldatak modu orokorrean igotzea, inflazioaren gorakada pairatzen ari diren sektoreei zuzendutako laguntza puntualak, zerbitzu publikoak indartu eta zerga politika aldatu.

   

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak