Politika -

ELKARRIZKETA ETB-N

Esteban: "Erregearen bortxaezintasuna berraztertu beharko litzateke, baina PSOE eta PP ez daude prest"

Diputatu jeltzalearen iritzian, "errege emeritua zertan zebilen" ondo zekiten Espainiako alderdi nagusiek, eta baita komunikabide handiek ere. "Inork ez zuen ezer egin, inork ez zuen ezer esan", adierazi du.

Aitor Esteban (EAJ), gaur "Egun On Euskadi" saioan. Argazkia: EITB Media
Aitor Esteban (EAJ), gaur "Egun On Euskadi" saioan. Argazkia: EITB Media
Aitor Esteban (EAJ), gaur "Egun On Euskadi" saioan. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituaren inguruan piztutako polemikek ez dute "aparteko aldaketa juridikorik" ekarriko, Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen iritzian. Bortxaezintasunak zein muga dituen eta zein ez berraztertzea premiazkoa dela uste du, eta Konstituzioak hori guztia jasotzea. Halere, ez du ikusten horretarako borondaterik ez PSOEn, ez PPn. "Zuzenbide publikoaren eskuliburuak hartuz gero, bortxaezintasuna pentsatuta dago erakundeak babestuta egoteko, baina ez eremu pribatuko jardunbidea. Argi dago, jurisprudentziari buelta bat eman behar zaiola, baina ez dago horretarako borondaterik", gaineratu du.

Halaber, ETB1-eko "Egun On Euskadi" saioan Estebanek esan duenez,  "guzti honetan larriena"  da "ezer ez dela argitu" errege emerituak ustez egindako delituen inguruan, eta ez dela "neurririk hartu, halakorik berriro gertatu ez dadin". "Ez da ezer argitu bere diruari buruz. Nondik atera zuen dirua? Hori gutxi ez, eta normaltzat eman da estatuburu bat negozio pribatuetan ibiltzea",  zehaztu du.

Pegasus auzia ere izan dute hizpide goizeko elkarrizketan, eta polemika horren inguruan ere argibide handirik ez du espero Estebanek. "Mugimendu batzuk" egon egon direla onartu du, eta urratsak ere etorriko direlakoan dago. "Gai oso labainkorra" dela adierazi du, eta "hodei artean pasatuko da Kongresuan abiatu den eztabaida", buruzagi jeltzalearen ustez.

Espainiako Inteligentzia Agentziaren (CNI) jarduna arautzen duen legea moldatzeko premia nabarmendu du, eta horren harira, EAJk aurkeztutako lege proposamena ekarri du gogora. "Neurri batzuk proposatu ditugu, eta ea jaramonik egiten diguten. Oraingoz, ez dugu mugimendurik ikusi", ziurtatu du.

Agertoki politikoari ere erreparatu dio EAJko diputatuak. Ekainerako aurreikusita dauden Andaluziako hauteskundeen emaitzak ondoren etorriko diren hainbat erabaki garrantzitsuri bide emateko balioko dutela iritzi dio, baina ez du uste Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskunde orokorrak aurreratzea buruan duenik.

Azkenik, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak pentsioen inguruan etor daitezkeen murrizketen aurrean EAJk zein jarrera hartuko duen galdetuta, Estebanek erantzun dio "jeltzaleek beti bezain irmo" jokatuko dutela, pentsio duinak bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Telebista Eguneko albisteak Albisteak Egun on Euskadi