Politika -

PROSTITUZIOA

PSOEk prostituzioa indargabetzeko legea proposatu du, isunekin eta espetxealdiarekin

Testuak jasotzen duenez, "prostituzio-egoeran dauden emakumeengana jotzen duten pertsonek zuzenean parte hartzen dute giza eskubideen urraketa larri horri eusten dion sarean".

Legeak emakumeak babestu nahi ditu. Argazkia: Antonio Marin.
Emakumeak kalean prostituzioan
Legeak emakumeak babestu nahi ditu. Argazkia: Antonio Marin.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk Zigor Kodea aldatzeko eta proxenetismoagatik zigorrak gogortzeko lege-proposamena erregistratu du ostegun honetan Kongresuan. Sozialisten proposamenak prostituzioaren bezeroei isuna jartzea du helburu. Testuak jasotzen duenez, "prostituzio-egoeran dauden emakumeengana jotzen duten pertsonek zuzenean parte hartzen dute giza eskubideen urraketa larri horri eusten dion sarean".

"Pertsona horiek prostituzioa emateko baldintza dira", azpimarratu du PSOEk, eta lege-proposamen horretan pertsona horientzako "gaitzespen penala" jasotzeko arrazoia hori dela adierazi du: 12 eta 24 hilabete arteko isuna, 1 eta 3 urte arteko espetxealdia, eta 24 eta 48 hilabete arteko isuna, sexu-ekintza egiten duen pertsona adingabea bada.

Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, helburua da proxenetismoa "erabateko zigorgabetasun egoeran" dagoen egungo egoera aldatzea.

Horrenbestez, 187 artikulua aldatzea proposatzen dute, "proxenetismoa oro har zigor dezan, ustiapen-harremanik eskatu gabe". Horrela, 187 artikulu berriak 3 urtetik 6 urtera bitarteko espetxealdi-zigorra eta 18 hilabetetik 24 hilabetera bitarteko isunak jasotzen ditu, indarkeria, larderia edo biktimaren nagusitasunezko, beharrizaneko edo zaurgarritasuneko egoera batez abusatuz prostituzioan jardun edo iraun behar duen pertsona bat behartzen duenarentzat.

Bitartean, irabazi-asmoa duen norbaitek beste pertsona baten prostituzioa sustatzen, errazten edo baliatze badu, haren baimena izanda ere, zigorrak urtebetetik 3 urtera bitartekoak izango dira, eta isunak, berriz, 12 eta 24 hilabete bitartekoak.

Era berean, ekimen sozialistak emakumeak prostituzioan aritzen diren klub, lokal eta pisuetako jabeak zigortzen ditu.

"Atzo ikusi genituen beto gurutzatuez harago", talde parlamentarioen ahalik eta babes handiena izatea espero du Lastrak, proxeneta, lokaletako jabeak eta prostituziora jotzen duten gizonak jazartzea eta emakumeak babestea, defendatzea eta jasaten duten sexu-esplotazioarekin amaitzea helburu duen legea aurrera ateratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Gizartea Ekonomia Albisteak Giza eskubideak Sexu erasoak