Politika -

Europako Parlamentua

Europako Justiziak ez du onartu Junquerasen helegitea eurodiputatu aulkiaren inguruan

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorraren ustez ezin da onartu David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak politikari kataluniarraren eserlekua hutsik uzteko erabakiaren aurkako helegitea.

Oriol Junqueras ERCren buruzagia, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe
Oriol Junqueras ERCren buruzagia, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe
Oriol Junqueras ERCren buruzagia, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak ez du onartu David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak Oriol Junqueras ERCren buruaren eserlekua hutsik uzteko erabakiaren aurkako helegitea. Espainiako agintari eta auzitegien erabakietan oinarrituta egin zuela argudiatu du.

"Europako Parlamentuko presidenteak aurretik indarrean zegoen egoera juridiko baten berri eman zion erakundeari, Espainiako agintarien erabakien ondorio zena", adierazi du auzitegiak ohar batean.

Junquerasek Espainiako Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren erabakien ondoren sartu zuen helegitea eurodiputatu eserlekua hutsik uztearen aurka; izan ere, Espainiako erakunde horiek erabaki zuten Junquerasek ezin zuela eurodiputatu izan, nahiz eta 2019ko abenduan Europako auzitegiak Junqueras Europako Parlamentuko kide izan beharko litzatekeela ebatzi.

Gainera, azken ebazpen horretan azaltzen zen Junquerasek inmunitatea izan behar zuela Europako hauteskundeetan aukeratu izan ostean, eta Europako Parlamentuaren osaketa saiora joateko eskubidea zuela, preso egon arren.

Erabaki haren aurka, Espainiako Hauteskunde Batzorde Nagusiak eta Auzitegi Gorenak adierazi zuten ERCren buruzagiak jada zigor irmoa zuela Kataluniako prozesu independentistaren harira.

Europako Parlamentuak urtarrilean hartu zuen erabaki hori aintzat, eta eurodiputatu eserlekua hutsik uzteko erabakia berretsi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean ERC azken ordukoa Europako Parlamentua