Politika -

EB

Puigdemont eta Comin hautetsiei sarrera galarazi die Europako Parlamentuak

Espainiar estatuaren jakinarazpen ofizialaren aurreko behin behineko akreditazio bat jasotzera joan dira Euroganbarara, baina, Espainiako beste eurodiputatu batzuk ez bezala, ezin izan dirasartu.

Carles Puigdemont, M26ko hauteskunde gauean. Argazkia: EFE.
Carles Puigdemont, M26ko hauteskunde gauean.
Carles Puigdemont, M26ko hauteskunde gauean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak ez die Carles Puigdemonti eta Toni Comini Bruselako egoitzara sartzen utzi eurodiputatu berriei ematen zaien behin behineko akreditazioa jasotzeko, M26ko Europako hauteskundeetan hautatuak izan diren arren.

Puigdemont eta Comin, JxCATen zerrendatik hautatuko eurodiputatu, 17:00ak inguruan saiatu dira Euroganbarako egoitzara sartzen, zerrendak formalizatzen diren bitartean eurodiputatu berriei ematen zaien aldi baterako baimena jasotzera.

Parlamentuko iturriek Efe agentziari esan diotenez, eurodiputatu berriek behin behineko baimen bat jasotzen dute Parlamentuan sartzeko, Estatu bakoitzaren eurodiputatuen zerrenda ofizialak heltzen diren bitartean.

"Akreditazioa parlamentarien zerrenda ofiziala duten agintari nazionalen jakinarazpen ofizialak jasotzera baldintzatuta dago", gehitu dute. Euroganbarak "erraztasunik ez ematea erabaki dezake, pertsonak benetan diputatu akta lortu duela ziurtatu arte".

Zenbait lekukok Europa Press agentziari esandakoaren arabera, Kataluniako bi politikariak heldu direnean, eurodiputatu berrien zerrendan agertzen zirela ikusi dute segurtasun zerbitzuek, baina markatuta agertzen ziren, sartzen uzten ez ziezaieten.

JxCATek Efe agentziari baieztatu dionez, Puigdemont eta Comin dokumentazioa hartzeko eta akreditatua izateko asmoarekin joan dira Euroganbarara.

Alderdiaren arabera, Europako Parlamentuaren argumentua izan da Espainiar estatuak oraindik bere eurodiputatuen zerrenda ofiziala jakinarazi ez duela, eta horregatik ezin izan direla egoitzan sartu.

Hala ere, Espainiar estatuan hautatutako 54 eurodiputatuen zerrenda ofiziala oraindik Europako Parlamentura jakinarazi ez zaion arren, hautetsiak Madrileko Hauteskunde Batzorde Zentralera joateko eta akta jasotzeko zain, Jose Ramon Bauza (Ciudadanos), Diana Riba (ERC) edo Pernando Barrena (EH Bildu) bezalako eurodiputatuek lehen mailako akreditazio hori hartu ahal izan dute Bruselan.

"Diskriminazio argia" salatu du presidente ohiak

"Oso diskriminazio argia eta larria" egin dela uste du Puigdemontek, "Europako erakundeen bihotzean Espainiar estatuak praktikan jarri dituen oinarrizko eskubideen urraketen estandarrak hedatu nahi dituena".

"Eman diguten arrazoi bakarra Espainiar estatuak ez duela hautetsien zerrenda ofiziala jakinarazi. Argumentu horren aurrean, galdetu dugu nola Kataluniako beste alderdi politikoetako diputatuek eta Kataluniatik kanpokoek guri egiten uzten ez dizkiguten tramite horiek egin ahal izan duten. Erantzuna isiltasuna izan da", esan du.

Euroganbarak gertatutakoari buruzko "azalpen asko" eman beharko dituela uste du Puigdemontek, eta esan du erantzukizunak eskatuko dituela. Uztailaren 2an osatuko da Parlamentua.

Parlamentuko presidenteari eskutitzak

Ciudadanosen zazpi hautetsi berriek gutun bat idatzi diote Antonio Tajani Euroganbarako presidenteari Puigdemonti Parlamentuan erregistratzen edo sartzen uzten ez diezaioten eskatzen, "justiziatik ihes eginda jarraitzen duen eta eurodiputatua izateko beharrezkoak diren pausuak egiten ez dituen bitartean".

Beste gutun batean, Espainiako eurodiputatuen behin behineko akreditazioa bertan behera uzteko eskatzen dute PPk, PSOEk eta Ciudadanosek, Europako Parlamentuak Espainiar estatuko agintarien jakinarazpen ofiziala jaso arte, eta dagoeneko "oker" emandako akreditazioak ezeztatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Europar Batasuna Europa Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Carles Puigdemont Europarlamentuari buruzko azken albisteak