Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Quiroga: 'Presoekin negoziatzea ez da egokia bakea eraikitzeko'
Terrorismoaren Biktimen Memorialean lehen harria jartzeko ekitaldian, Espainiako presidentearen aurrean “hotz” agertu izana egotzi dio Arantza Quiroga EAEko PPko buruak Iñigo Urkullu lehendakariari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Terrorismoaren Biktimen Memorialean lehen harria jartzeko ekitaldian, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aurrean “hotz” agertu izana egotzi dio Arantza Quiroga EAEko PPko buruak Iñigo Urkullu lehendakariari.
Quirogaren hitzetan, “adostasuna” lehen unetik bilatu du Mariano Rajoyren Exekutiboak, eta ekitaldi hori antolatzeko lanetan Jaurlaritzak ere parte hartu duela nabarmendu du. Batetik, biktimekin bilerak egitea, eta, bestetik, presoekin negoziatzera espetxera joatea ez dela bizikidetza eraikitzeko modurik egokiena esan dio Urkulluri Quirogak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, bere “kezka” azaldu du, atzoko ekitaldian Urkulluk erakutsitako “hoztasuna” dela-eta. “Terrorismoaren Biktimen Memorialaz ari gara, eta, ziur nago bat gatozela terrorismoa deslegitimatu behar dugula esaten dugunean. Horregatik, bidean, alderdiaren interesak gainetik jartzeak tristatu egiten nau”, gaineratu du.
Horregatik, Jaurlaritzak “banandu egiten gaituzten gauzak azpimarratu izana” kritikatu du PPko buruzagiak, “batez ere, akordioa lehen unetik bilatu dela jakinda: Jaurlaritza hasiera-hasieratik egon da ekitaldi hori antolatzeko lanetan. Izan ere, lehendakaria memorialaren presidenteordea da”, gaineratu du.
Andoni Ortuzar EBBko presidentea ez zen ekitaldira joan, gonbidatu ez zutela argudiatuz. Quirogaren ustez, erabaki “okerra” hartu zuen Ortuzarrek atzo.