Politika -
2014ko Aurrekontuak
EH Bilduk ez ditu Aurrekontuak babestuko, edukiari begiratu gabe
Euskal erakundeetako aurrekontuak "ez oztopatzeko" eta horiei osoko zuzenketak ez aurkezteko aldarrikatu du Joseba Egibar jeltzaleak.
Erredakzioa
EH Bilduk ez die jaramonik egingo edukiari begiratu gabe Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuak babesteko eskatzen dioten horiei, Pello Urizar EAko buruzagi eta EH Bilduko legebiltzarkideak jakinarazi duenez. Urizarrek Egibarren adierazpenak hizpide izan ditu; izan ere, euskal erakundeetako aurrekontuak "ez oztopatzeko" eta horiei osoko zuzenketak ez aurkezteko aldarrikatu du Joseba Egibar buruzagi jeltzaleak.
Proiektu bateko tresnarik garrantzitsuena aurrekontua da Urizarren arabera, eta aurrekontuen edukiari erreparatu gabe horiek onartzeko eskatzea "arinkeria" dela gaineratu du.
"Krisi ekonomiko garaian egunero bizi ditugun arazoak konpontzeko, babes ekonomikoa behar duten neurriak abian jarri behar dira, eta beste modu batera egin behar duela uste duenak Aurrekontu proiektu ezberdin bat aurkeztuko du", gaineratu du.
Beraz, Urizarrek adierazi du EH Bilduk ez diela jaramonik egingo edukia begiratu gabe Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuak babesteko eskatzen dioten horiei, "ez da errealista eta". "Aurrekontuen edukiaren baitan erabakitzen dugu horiek babestea ala ez", gaineratu du.