Erlojuak gelditu zituzten 48 orduak

DAVID PEREZ CAMACHO - EITB MEDIA

25 urte dira ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia hil zuenetik, euskal gizartea sakon astindu eta erantzun sozial historikoa eragin zuen 48 orduko bahiketaren ostean. Jarraitu hemen zoritxarreko egun horietan gertatutakoaren minutuz minutuko kontaketa.

1997ko uztailaren 10a

15:20

Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziak (29 urte) Eibarrerako trena hartu zuen, Eman Consulting enpresan lanera itzultzeko. Aldez aurretik, gurasoekin bazkaldu zuen, etxean.

15:30

ETAk Miguel Angel bahitu zuen, Eibarreko geltokira iritsi berri zela. Irantzu Gallastegi Sodupe ETAko kidea gerturatu zitzaion, eta auto batean sartzera behartu zuen. Ibilgailu horren barruan, Francisco Javier Garcia Gaztelu, Txapote, eta Jose Luis Geresta Mujika zeuden.

17:30

ETAk bahiketa aldarrikatu zuen Egin Irratira egindako dei baten bidez. Gainera, mehatxua egin zion Espainiako Gobernuari: zinegotzia hil egingo zukeen, 48 orduan preso guztiak Euskal Herriratu ezean. Hain zuzen ere, uztailaren 12ko 16:00ak arteko epea eman zion.

Testuingurua

ETAk Miguel Angel Blanco bahitu zuenean, 10 egun ziren Guardia Zibilak Jose Antonio Ortega Lara espetxe-funtzionarioa askatu zuenetik.

Agenteek Ortega Lara askatu zuten egunean bertan, halaber, ETAk Cosme Delclaux enpresaburua aske utzi zuen, 232 egun bahituta izan eta gero.

Ortega Lararena ETAk inoiz egindako bahiketarik luzeena izan zen (532 egun), eta agintariek uste zuten Miguel Angel Blancorena mendekua eta erantzun azkarra izan zela, espetxe-funtzionarioa askatu izanak sortutako pozaren aurrean.

18:00

Segurtasun Indarrek erlojuaren kontrako bilaketari ekin zioten Ermuko zinegotzia erreskatatzeko. Horren ildotik, Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak Bilbon ezarri zuten lanak koordinatzeko zentroa, eta Barne Ministerioak gaztearen argazkia publikatzeko deia egin zien hedabideei. Gainera, zenbait telefono zenbaki jarri zituzten martxan, balizko lekukoentzat.

18:15

Hainbat kazetari Blancotarren etxera joan zen, Ermuko Iparragirre kalean. Miguel Angelen aitak hala jakin zuen ETAk semea bahitu zuela, informatzaileak etxean ikusita, lanetik bueltan zegoela.

19:00

Jaime Mayor Oreja Espainiako Gobernuko Barne ministroak agerraldia egin zuen. Horretan, nabarmendu zuen Exekutiboak ez zuela amore emango ETAren xantaiaren aurrean. Haren esanetan, ETAk “gizarte osoari” egin zion mehatxu, ez Gobernuari bakarrik.

19:30

Herri Batasunak (HB) ez beste alderdi politikoek gaitzetsi egin zuten bahiketa. Euskadin, Jose Antonio Ardanza lehendakariak Miguel Angel “berehala” askatzea eskatu zion ETAri, “euskal gizartearen izenean”.

20:00

Manifestazio jendetsua egin zuten Ermuan, Carlos Totorika (PSE-EE) alkateak deituta, auzokidea askatzea eskatzeko. Hainbat herritan eta hiritan ere protestak egin zituzten.

1997ko uztailaren 11a

6:00

Atsekabea nagusi eta xingola urdinak nonahi esnatu zen Euskal Herria. Bien bitartean, Segurtasun Indarrek gune susmagarriak arakatzen eta kontrolak ezartzen jarraitu zuten, itsu-itsuan, ETAk mehatxua betetzea galarazteko. Batik bat Donostiako auzo bat, Añorga, behatu zuten, baina fruiturik lortu gabe. Gaur egun ere uste da Miguel Angel Blanco inguru hartan izan zutela bahituta.

12:00

Ardanza lehendakariak Ajuria Eneko Ituneko alderdiak deitu zituen, egoera aztertzeko. Mahai politiko hori 1988an sortu zen eta EAJk, EAk, PSE-EEk eta PPk osatzen zuten, terrorismoarekin amaitzea helburu. Bilera bukatu zenean, agintariak salatu zuen ETAk “heriotza zigorra” ezarri ziola zinegotziari.

12:15

Patxi Zabaleta Herri Batasuneko parlamentariak Miguel Angel “askatzea” eta horren bizia “errespetatzea” eskatu zion, “espreski”, ETAri. Zenbait urteren ostean, Zabaletak berak eta indarkeriarekin kritiko ziren beste zenbait buruzagik Aralar alderdi politikoa sortu zuten, HBtik bereizita.

Hurrengo orduetan ahots kritiko gehiago azaldu ziren ezker abertzalearen baitan. Adibidez, ETAko preso baten amak bahiketaren aurka agertzeko deia egin zien preso guztiei, RNE irrati katera egindako dei baten bitartez.

20:00

Sumina eta haserrea Euskal Herri eta Espainia osora zabaldu ziren, eta hainbat hiritan manifestazio masiboak egin zituzten 13:00etan, 20:00etan eta gauerdian. ETAren aurkako aurrekaririk gabeko mobilizazio horiek “Ermuko espiritua” izenarekin egin ziren ezagun gerora, eta mugarriak izan ziren terrorismoak zilegitasun sozial osoa galtzeko. Iñaki Gabilondo donostiar kazetariak esaldi honekin laburbildu zuen gertatutakoa, Madrilen egindako elkarretaratze batean: “Miguel Angel ez dago bakarrik; ETA bai, bakarrik dago”.

Bahiketa zama astuna zen euskal gizartearentzat, baina erantzun sozial jendetsuek ETA makurraraziko zutela sinesten hasi zen herritar asko.

Zergatik Miguel Angel?

Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia zen Ermuan (Bizkaia), eta 29 urte zituen ETAk bahitu eta hil zuenean. Musika zale amorratua zen, eta lizentziaduna Enpresa Zientzietan.

Ikerlariek argi zuten: ETAk helburu erraza zelako hautatu zuen hura, segur aski ezinezkoa zuelako pisu politiko handiagoko buruzagiren bat bahitzea. Izan ere, Ermuko gazteak ez zuen bizkartzainik, eta aldez aurretik ez zuen mehatxurik edo presiorik jaso. Gainera, PPko zinegotzi izanik, Espainiako Gobernuan agintea zuen alderdiko kide zen.

Agindu zehatza ETAren zuzendaritzak eman omen zuen. Ertzaintzak Auzitegi Nazionalera igorritako hainbat agiriren arabera, Josetxo Arizkuren, Kantauri, ETAko buruzagi ohiak PPko zinegotzi bat bahitzea agindu zion talde bati, gutun batean: “Indar eta gogo guztiak erabili PPko zinegotzi bat bahitzeko”. Beste gutun batean, honakoa erantsi ei zuen: “Ezin baduzue bahiketa egin, emaiozue buruan”.

ETA bezperan, uztailaren 9an, ere saiatu zen Ermuko zinegotzia bahitzen, baina egun hartan autoz joan zen lanera, trenez egin beharrean. Horregatik, ezin izan zuten haren ohiko ibilbidean atzeman.

Egun batzuk lehenago, eta Ortega Lararen askapenaren irudi hunkigarriak ikusi eta gero, Miguel Angel Blancok “hiltzea” nahiago zuela esan zion amari, tankera hartako bahiketa krudel baten biktima izatea baino gehiago.

1997ko uztailaren 12a

12:00

ETAren ultimatuma amaitzeko ordu gutxi falta zirenean, Miguel Angel askatzeko aldarriak gero eta ozenago entzun ziren kaleetan. Ordu horretan, Euskal Herrian inoiz izandako manifestazio jendetsuena egin zuten Bilbon. Milioi erdi pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte protesta horretan.

16:00

Amaitu zen ETAren ultimatuma, eta herritarrak telebistaren edo irratiaren zain zeuden, arnasari eutsita, Miguel Angel askatuko zuten itxaropentsu.

16:40

Paseatzen ari ziren bi pertsonak gizon bat topatu zuten larri zaurituta eta lurrean etzanda Lasarteko mendi-inguru batean. Miguel Angel zen gizonezko hori. Azkenean, ETAk entzungor egin zion euskal gizarteari, eta bi tiro eman zizkion. Gaztea hil edo bizi zegoen oraindik une horretan, eta ospitalera eraman zuten.

Aldez aurretik, bahiketan parte hartu zuten ETAko hiru kideek auto bateko maletategian sartu, eta Lasarteko inguru hartara eraman zuten. Bertan, Francisco Javier Garcia Gazteluk tiro bat eman zion buruan, Jose Luis Gerestak gaztea mugitu ezinik zuen bitartean, eta ondoren beste tiro batekin errematatu zuen. Irantzu Gallastegi autoan zain geratu zen.

Ermuko zinegotzia lurrean ahoz bera etzanda utzi zuten, konorte barik eta eskuak lotuta.

17:00

Amesgaiztoa Ermuan: Totorika alkatea herriko plazan bildu zirenei zuzendu zitzaien, eta “Miguel Angel hil dute” iragarri zien. Bertan zeuden pertsonak garrasika hasi ziren, minari ezin eutsi.

17:30

Miguel Angel egoera kritikoan heldu zen ospitalera, Donostian. Handik gutxira, baina, gaztea ezingo zela osatu jakinarazi zuten sendagileek.

18:00

Erakundeek gaitzetsi egin zuten hilketa. Horren haritik, Ardanza lehendakariak Herri Batasunaren aurka egin zuen, eta krimenaren “konplize” izatea egotzi zion.

19:00

Amorrua bazter guztietara hedatu zen, eta manifestazio masiboak egin zituzten Ermuan eta beste hainbat hiritan. Leku askotan, Herri Batasuneko egoitzen aurrean ere egin zuten protesta. Elkarretaratze horiek irudi historikoa eta aurrekaririk gabea utzi zuten: HBren Donostiako egoitza zaintzen ari ziren sei ertzainek kaputxa erantzi zuten, aurpegia erakutsita. Hainbat pertsonak besarkatu egin zituzten une horretan.

Bestalde, Ermuan, HBren egoitzari su eman zioten, eta Totorika alkatea sugarrak itzaltzen saiatu zen.

1997ko uztailaren 13an

4:30

Hil egin zen Miguel Angel Blanco, ospitalean, 12 orduz koman egon eta gero.