14:57

albisteak

Iruzkina

Zergatik galdu dute latinoen babesa AEBko demokratek?

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Oinarrizko bi arrazoi daude: batetik, urteetan demokratek segurutzat eman dutela latinoen babesa eta ez dutela ahalegin berezirik egin beraien botoa lortzeko; bestetik, errepublikanoak latinoen botoa erakartzeko ahaleginak egiten hasi direla.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Urteetan Ameriketako Estatu Batuetako errepublikanoek ez diete jaramonik egin latinoei eta orain modu agresiboan beren botoaren bila hasi dira.

Urte askotan komunitate latinoak Alderdi Demokrataren alde egin du, baina babes hori nabarmen galtzen hasi da azken urteotan eta horrek alarmak piztu ditu alderdi barruan.

Washington Post Ipsosek kaleratutako inkesta baten arabera, demokratek oraindik % 27 puntuko abantaila dute hispanoen artean. Tarte horrek handia badirudi ere, Alderdi Demokratak 40 puntuko aldea izan zuen 2018an.

Fenomeno hori azaldu dezaketen arrazoien artean, bi oinarrizkoak dira. Batetik, urteetan demokratek segurutzat eman dute latinoen babesa, eta beraz, ez dute ahaleginik egin beraien botoa lortzeko. Bestetik, errepublikanoak urteetan latinoen botoa erakartzeko ahalegin gutxi egin eta gero ahaleginak egiten hasi dira.

Bernie Sanders senadorearen bi hauteskunde kanpainetan lan egin zuen Chuck Rocha, estratega demokratak, duela zortzi urte elkarrizketa batean esan zuenez, errepublikanoek ahaleginik ere ez zuten egiten. Mike Madrid aholkulari errepublikanoak azaldu zuenez, matematikek errepublikanoen begiak zabaldu zituzten eta ikusi zuten Ameriketako Estatu Batuetan latinoen boterea gorantz zihoala eta beraiengan arreta handiagoa jartzen hasi ziren.

Trumpen oztopoa     

Latinoak erakartzeko errepublikanoen ahaleginek 2016an etorkinen aurkako Trumpen erretorikarekin egin zuten topo, Trumpek bere presidentziaren oinarrietako bat egin baitzuen etorkinen aurkako jarrera. Hala ere, 2020tik aurrera estrategia hori zuzentzen ahalegindu ziren, Madriden arabera, eta errepublikanoak latinoei zuzendutako kanpainak egiten hasi ziren Coloradon, Texasen, Nevadan eta Ipar Carolinan.

Rocha bezalako demokratak azkenean konturatu dira latinoak ez direla talde monolitiko bat eta beraiei zuzendutako kanpainak ezin direla oinarritu etorkinen arazoetan soilik, are gutxiago, egindako promesak betetzen ez direnean.

Azken batean adituak bat datoz azpimarratzerakoan bi alderdiek latinoen botoa eskuratu nahi izatea ona dela, beren arazoak eta beharrak zeintzuk diren jakiteko.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena