Mundua -

munduko futbol txapelketa

Goizean emandako kopurua zuzendu, eta txapelketaren prestaketetan hildakoak 40 izan zirela esan du Qatarrek

Hassan Al Thawadik, Qatarreko Munduko Futbol Txapelketako buruetako batek, goizean onartu du "400-500 langile migratzaile inguru" hil zirela txapelketaren prestaketa lanetan. Berehala etorri da zuzenketa.

Bi langile, Al Janoub estadioan. Argazkia: EFE
Bi langile, Al Janoub estadioan. Argazkia: EFE
Bi langile, Al Janoub estadioan. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hassan Al Thawadi lehiaketako arduradunetako batek Qatarren egiten ari diren Munduko Futbol Txapelketaren prestaketa lanetan hildakoak 400-500 inguru izan zirela esan badu ere gaur goizean, azkar iritsi da zuzenketa, antolakuntzak igorritako ohar baten bidez. Bertan zehazten denez, aipatutako 400-500 langile horiek ez dira txapelketarekin zerikusi zuzena izan duten lanetan zendu direnak, "herrialde osoan" eta "beste sektore" batzuetan hildakoak baizik. Hala, Munduko Futbol Txapelketarako azpiegiturak egiten izandako heriotzak 40 izan zirela zehaztu dute oharrean.

"Hassan Al Thawadi idazkariak Piers Morganen 'Uncesored' programan esan duena zera da: orotara, 40 heriotza izan ziren txapelketarako azpiegituren eraikuntza lanetan. Datu hori jasota geratu zen txosten publiko guztietan, eta hor zehazten dira 8 estadioen, 17 egoitzen eta lehiaketarekin zerikusia duten beste azpiegituren lanak", azaldu dute oharrean.

The Guardian egunkari britainiarrak argitaratutako ikerketa baten arabera, dena dela, hildakoak 6.500 inguru izan ziren. Hain zuzen, datu hori publikatu ondotik esan du Al Thawadik 400-500 inguru izan zirela zendutakoak.

"Urtetik urtera, espazio horien segurtasuna hobetuz doa. Uste dut, orokorrean, lan erreforma baten beharrak adierazten duela hobekuntzak egin behar direla. Hautagaitza burutu aurretik onartu genuen hori. Eman diren hobekuntzak ez dira Munduko Futbol Txapelketagatik izan. Gure baloreengatik egin behar izan ditugu", aitortu du Al Thawadik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Futbola azken ordukoa Munduko Futbol Txapelketa Munduko albiste zirraragarriak Lana Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Qatar albisteak