Mundua -

Gerra Ukrainan

Europako Parlamentuak "terrorismoa bultzatzen duen Estatutzat" jo du Errusia

Ebazpenak aldeko 494 boto izan ditu, eta kontrako 58 boto eta 44 abstentzio izan dira. Parlamentuak, izendapena egiteko, kontuan izan ditu "Ukrainako herritarren aurka nahita egindako erasoak eta gauzatutako ankerkeriak".

Borroka bat, Donetsken. Argazkia: EFE.
Borroka bat, Donetsken. Argazkia: EFE.
Borroka bat, Donetsken. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak "terrorismoa bultzatzen duen Estatutzat" jo du Errusia asteazkenean, kontuan izanik "Ukrainako herritarren aurka nahita egindako erasoak eta gauzatutako ankerkeriak".

Ebazpenak aldeko 494 boto izan ditu, eta kontrako 58 boto eta 44 abstentzio izan dira. Errusiak "baliabide terroristak" erabiltzen dituenez, kide diren Estatuei eskatu diete pausoak ematea maila nazionalean, eta Europa mailako erakundeei izendapena egiteko esparru legala sortzea.

Ebazpenean, Errusiako Armadak egindako 40.000 gerra krimen baino gehiago salatu dituzte (dokumentatuta daude), bereziki, Irpinen, Butxan edo Iziumen egindako sarraskiak; ukrainar zibilak hil ziren horietan.

"Azpiegitura zibilak suntsitu dituzte, eta giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa larriki urratu dituzte; hori ukrainar herritarren aurkako terrorismo ekintzak dira, bai eta gerra krimenak ere", deitoratu du Europako Parlamentuak. Horrez gain, esparru juridiko berria eskatu du, Estatu horiek sailkatze aldera eta Europar Batasuneko herrialdeek Estatu horiekiko harremanak urritu ditzaten.

Europar Batasunaren lege esparruak ez du aurreikusten herrialderen bat "terrorismoaren babesle" izendatzea (Ameriketako Estatu Batuek eta Kanadak, aldiz, bai); hori dela eta, ebazpenak nabarmentzen du Europar Batasunak prozedura garatu behar duela baliabide terroristak erabiltzen dituzten herrialdeak salatzeko. Horrek erraztuko luke "neurri murriztaile esanguratsuak" hartzea, eta ondorio handiak izango lituzke Europar Batasunak herrialde horiekin izango lituzkeen harremanetan.

Ebazpena ondo hartu dute Kieven. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ongietorria eman dio ebazpenari, eta berretsi du Errusia "isolatuta" geratu behar dela maila guztietan, nazioartean, baita kontu eman behar duela ere "bere terrorismo politikagatik".

Europako Parlamentuaren web orriak zibererasoa jasan du, gerora

Europako Parlamentuak ebazpena eman eta ordu batzuetara, haren web orriak zibererasoa jasan du, erakundeak berak baieztatu duenez: "Web orriaren erabilgarritasunak inpaktua pairatu du kanpotik, kanpoko trafiko maila handiak izan direlako. Trafiko horrek zerikusia du DDOS eraso batekin", eman du jakitera, sare sozialetan, Jaume Duch Europako Parlamentuko bozeramaileak.

Handik gutxira, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak zehaztu du "eraso sofistikatua" izan dela, eta Kremlinetik gertuko talde bati leporatu dio zibererasoa: "Hau, Errusia terrorismoaren Estatu bultzatzailetzat jo eta gero. Nire erantzuna: gora Ukraina!", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Ukraina azken orduko Errusia argazkiak Vladímir Putin albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa Zelenski gaur Europarlamentuari buruzko azken albisteak