Mundua -

ameriketako estatu batuak

Bidenek ohartarazi du Kapitolioko erasoa antolatu zuten indarrek aktibo dirautela

Kapitolioaren aurkako erasoa ikertzen ari den batzordeak ostegunean ondorioztatu zuenez, Trumpen "Estatu kolpe saiakera" izan zen.

Joe Biden, Estatu Batuetako presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Joe Biden, Estatu Batuetako presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Joe Biden, Estatu Batuetako presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak ostiral honetan ohartarazi duenez, 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurkako erasoa eragin zuten "indarrek" aktibo diraute egun.

Los Angeleseko portuan eskainitako hitzaldi baten hasieran egin ditu adierazpenok agintariak, erasoa ikertzen ari den batzordeak bart lehen entzunaldi publikoa egin ostean.

Bidenek esan duenez, ezin izan du audientzia ikusi "beste gaiekin lanpetuta" zegoelako ostiral honetan amaitzekoa den Ameriketako Gailurrean.

"Garrantzitsua da estatubatuar biztanleriak benetan gertatu zena ulertzea, eta urtarrilaren 6koa eragin zuten indar berdinek egun aktibo dirautela ulertzea", adierazi du.

Kapitolioaren aurkako erasoa Estatu Batuetako historiako "unerik ilunenetako bat" izan zela esan du, eta estatubatuar demokraziaren aurkako "eraso basatitzat" jo du.

"Geure demokrazia propioarekin dauka honek zerikusia. Geure demokrazia babestu behar dugu", baietsi du agintariak.

Gaineratu duenez, "AEBko arimaren aldeko guda irabaztetik urrun gaudela ikusten ari gara. Baina badakit batu gaitezkeela eta nazio hau defenda dezakegula, demokratek eta errepublikanoek, inork ez dezan dagarik ipini gure demokraziaren eztarrian".

Herrialdeko telebista kate gehienek zuzenean eskaini dituzten bideo eta lekukotasunek markatu dute Kapitolioko erasoa ikertzen duen batzordearen lehen entzunaldia. Audientzia maximoko ordutegian eman dute, estatubatuar iritzi publikoarengan eragiteko saiakeran.

Kapitolioko erasoa orduko Donald Trump (2017-2021) presidenteren Estatu kolpe saiakeraren "une gorena" izan zela frogatzen ahalegindu dira batzordeko ikertzaileak. Gainera, adierazi dute balitekeela Proud Boys talde ultraeskuindarrak erasoa aurretiaz antolatu izana.

202eko urtarrilaren 6an, 10.000 pertsona inguru (Trumpen aldekoak gehienak) Kapitoliorantz abiatu ziren, eta 800 inguru eraikinean sartu ziren, 2020ko presidentetzarako hauteskundeetan Bidenek lortutako garaipena ziurtatuko zuen saio parlamentarioa eteteko.

Bost pertsona hil ziren, tartean erasotik ordu batzuetara bihotzekoa izan zuen polizia bat, eta 140 agente inguru zauritu zituzten. Gainera, lau poliziak euren buruaz beste egin zuten ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Donald Trump albisteak Joe Biden Ultraeskuina