Mundua -

Sarraskia Texas-en

Etxe Zuriak Texasko sarraskian Poliziak izandako jokabidea ikertuko du

Kongresista demokratak eta errepublikanoak pausoak ematen hasi dira armen jabetza mugatuko duen lege berri bat negoziatzeko egutegi bat finkatzen saiatzeko.

Eskolako mahaiak Uvalden, biktimen oroimenez. EFE
Eskolako mahaiak Uvalden, biktimen oroimenez. EFE
Eskolako mahaiak Uvalden, biktimen oroimenez. EFE

O.P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Batuetako Justizia Departamentuak jakitera eman du joan den asteartean Uvaldeko ikastetxe batean (Texas) 19 haur eta bi irakasle hil ziren tiroketan Poliziak izan zuen jokabidea ikertuko duela. Ohar batean, Anthony Coley Justizia Departamentuko bozeramaileak eman du ikerketaren berri. 

Don McLaughlin Uvaldeko alkateak egindako eskaerari erantzunez abiatu da ikerketa, hark gogor salatu baitu Poliziaren esku-hartze motela. Emaitzak publiko egingo dituztela azaldu dute. 

Steven McCraw Texaseko Segurtasun Publikoko sailburuak ostiralean prentsaren aurrean onartu zuen, polizia-agenteek hiltzailea tiroka ari zen gelako atea eraitsi ez izana "erabaki okerra" izan zela, eta une horretan ikastetxean zegoen polizia-arduradun nagusiari egotzi zion haren errua.

Negoziazioak Kongresuan

Arlo politikoan, Alderdi Demokratako eta Alderdi Errepublikanoko kongresistak harremanetan egon dira asteburuan armen jabetza mugatuko duen lege berri bat negoziatzeko egutegi bat finkatzen saiatzeko.

Chris Murphy senatari demokratak esan du "serioak" izan direla harreman honek, eta ABC katean adierazi duenez, astebeteko epean aurkez ditzakete proposamen zehatzak. "Epea laburra da", esan du, Bloomerg agentziak jaso duenez. 

Hainbat neurri negoziatuko dituzte kongresistek, hala nola aurrekarien kontrolak, "bandera gorriko" legeak – epailearen agindu bidez Poliziari edo senideei armak edukitzeko eskubidea mugatzeko aukera ematen dietenak – edo su-armen biltegiratzeari buruzko arau murriztaileagoak, Murphyk CBSn azaldu duenez.

Neurriok aurrera ateratzeko, demokratek errepublikanoen eskari batzuk onartu ahal izango lituzkete, hala nola ikastetxeetako segurtasun-neurriak areagotzea. Gaitasun handiko kargagailuak mugatzearen aukera baztertu egin da, nahikoa babesik ez duelako lortuko; halaber, ez dirudi oraindik nahikoa babes dagoenik armak edukitzeko legezko gutxieneko adina 18tik 21era igotzeko.

Demokratak armak kontrolatzeko legeak bultzatzen saiatu dira azken urteotan, bereziki 2012an Newtowneko (Connecticut) Sandy Hook Ikastetxean erasotzaile batek 27 pertsona hil zituenetik, baina errepublikanoek eta Alderdi Demokrataren sektore kontserbadoreenak beti blokeatu dituzte horrelako ekimenak.

Joe Biden AEBetako presidente demokrata Texasen izan da asteburuan eta neurriak agindu ditu, "mina ekintza" bihurtzeko deia egitearekin batera. 

19 haur eta 2 irakasle hil zituzen Uvaldeko (Texas) eskola bisitatu du Joe Bidenek
19 haur eta 2 irakasle hil zituzen Uvaldeko (Texas) eskola bisitatu du Joe Bidenek
19 haur eta 2 irakasle hil zituzen Uvaldeko (Texas) eskola bisitatu du Joe Bidenek

0:39
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Erailketak albisteak Joe Biden