Mundua -

HAUTESKUNDEAK KOLONBIAN

Petro ezkerreko hautagaia eta Hernandez populista lehiatuko dira Kolonbiako hauteskundeetako bigarren itzulian

Gustavo Petrok botoen % 40 eskuratu du eta Hernandezek, berriz, % 28. Ondorioz, Federico Gutierrez eskuineko hautagaia lehiatik kanpo gelditu da.

Gustavo Petro eta Rodolfo Hernandez. Argazkia: EFE
Gustavo Petro eta Rodolfo Hernandez
Gustavo Petro eta Rodolfo Hernandez. Argazkia: EFE

01:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gustavo Petro ezkerreko hautagaia edo Rodolfo Hernandez hautagai populista, bietako bat izango da Kolonbiako hurrengo presidentea. Igande honetan egin diren hauteskundeetan, hautagai bakar batek ere ez du botoen % 50 eskuratu eta, ondorioz, bi horiek lehiatuko dira ekainaren 19ko bigarren itzulian. 

Aurreikuspenak bete dira eta Itun Historikoa ezkerreko koalizioko Gustavo Petro hautagaia nagusitu da lehen itzulian. Rodolfo Hernandez populistak, ostera, ezustekoa eman du bigarren itzulira igarota. Hauteskunde gaueko galtzaile nagusia Kolonbiaren aldeko Taldeko Federico 'Fico' Gutierrez presidentegaia izan da.

Botoen ia % 100 zenbatuta, Gustavo Petro Bogotako alkate ohiak 8.526.352 boto eskuratu ditu (% 40,32), Rodolfo Hernandezen aurretik (5.952.748 boto, % 28,15). 'Fico' Gutierrez eskuineko hautagaiak, berriz, 5.057.284 boto bereganatu ditu (% 23,91). Bere porrota onartu berritan, eskuineko hautagaiak iragarri du Rodolfo Hernandezen alde bozkatuko duela ekainaren 19an.

Inkestek aurreratu bezala Gustavo Petro nagusitu da, baina ez du lehen itzulian irabazteko adina babes lortu. Bigarren itzuliari begira, bozka gehiago lortu beharko ditu eskuina gainditzeko. Pretoren esanetan, bere garaipena Ivan Duque presidentearen proiektu politikoaren eta uribismoaren porrota da eta agindu du orain aro berri bat hasiko dela Kolonbian.

Rodolfo Hernandez ingeniariak bigarren itzulira eman duen pausoa ospatu du eta ziur agertu da irabazi egingo duela "gaur hasitako aldaketa gauzatzeko".

Kolonbian ezkerrak eskuina gainditzen duen lehen aldia da. Gainera, 20 urtean estreinakoz, uribismoa, Alvaro Uribe presidente ohiak sortu zuen eskuineko korrontea, ez da lehian izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Hautagaiak gaur Eguneko albisteak Eguneko albisteak Kolonbiako albisteak gaur Latinoamerikako azken ordukoa Hauteskundeak gaur