Mundua -

Armen lobbyaren topaketa

Armak kontrolatzearen aurka hitz egin du berriz ere Trumpek, entzuleei armak izatea debekatzen zien bitartean

"Arma bat duen tipo gaizto bat geldiarazteko bide bakarra, arma bat duen tipo on bat da", adierazi du AEBko presidente ohiak Erriflearen Elkarte Nazionalaren urteko batzarrean eman duen hitzaldian.

Donald Trump Erriflearen Elkarte Nazionalaren konbentzioan. Argazkia: EFE
Donald Trump Erriflearen Elkarte Nazionalaren konbentzioan. Argazkia: EFE
Donald Trump Erriflearen Elkarte Nazionalaren konbentzioan. Argazkia: EFE

0:39

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan, 19 ume eta bi irakasle tiroka hil eta lau egunera, Erriflearen Elkarte Nazionalak urteko batzarra egin du tiroketa izan zen lekutik 450 kilometro baino gutxiagora. Donald Trump AEBetako presidente ohiak eman duen hitzaldian, argi utzi du errepublikarrak ez daudela armen kontrolean urratsik emateko prest, eta, aitzitik, tiroketa horiek saihesteko "arma gehiago" behar direla defendatu du.

Arazoa "gaiztakeria" dela esan du, erasotzaileen "buruko osasuna" eta demokratek armak eskuratzeko oztopoak jarri nahi izatea "lotsagarria" dela gaineratu du. "Ezkerrak bultzatutako armen kontrolerako politikek ez lukete ezer egingo horrelako tragediak ekiditeko. Ezertxo ere ez" ihardetsi die, "krimen hau egin zuen munstroa gaizkia da, ankerkeria, gorrotoa".

Trumen iritziz, hauek dira tiroketak ekiditeko irtenbideak: eskoletan sarrera puntu bakarra egotea, metalak atzemateko gailuak jartzea, ateak blindatea, zaintzaileak areagotzea eta irakasleei armak eramatea uztea -non daramatzaten ikusten ez dela-, baina inolaz ere ez armak mugatzea. "Arma bat duen tipo gaizto bat geldiarazteko bide bakarra, arma bat duen tipo on bat da", bere ustez.

Paradoxa bat gertatu da, baina, Trumpen hitzaldian. Armen kontrolaren aurka hitz egiten zuen bitartean, debekatu egin zaie aretoan zeudenei armak edukitzea, presidente ohiaren segurtasuna bermatzeko aitzakian.

Joe Biden, Texasko eskola batean tiroketa gertatu ondoren: "Noiz egingo diogu aurre armen lobbyari?"

Astearteko sarraskiak armen inguruko aspaldiko eztabaida berpiztu du AEBtan. Konstituzioaren Bigarren Emendakinak armak izateko eskubidea aitortzen die estatubatuarrei eta hori aldatzeko, Kongresuan oso justukoak dira gehiengoak.

Atzo, armen erabilera arautzeko garaia dela esan zuen Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. "Noiz egingo diogu aurre armen lobbyari?", galdetu zuen. "Nekatuta nago. Esku hartu behar dugu. Denok dakigu zer egin behar den", adierazi zuen presidente estatubatuarrak, hunkituta. 

Milaka pertsona atera dira Houstonen, arma-lobbyaren biltzarraren atarian protesta egitera

Milaka pertsonak elkarretaratzea egin zuten atzo Houstonen, Erriflearen Elkarte Nazionalaren urteroko biltzarraren aurka, topaketa egitean ari zen aretoarean inguruetan.

Bertaratutakoek kartel ugari eraman zituzte, hurrengo mezuekin, besteak beste: "Debekatu orain eraso errifleak", "Noiz maitatuko dituzue seme-alabak suzko armak baino gehiago?", edo "Eraso errifleak hiltzeko dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump