Mundua -

AEB

Kapitolioaren erasoko buruzagietako batek dio Trumpen aginduak jarraitzen zituztela

Jessica Watkins Oath Keepers talde paramilitarraren buruzagiak nabarmendu zuen ekintzak presidentearen babesa behar zuela: "POTUSek berak martxan jartzen ez badu, ez da legitimoa".

Trumpen jarraitzaileak, Kapitolioan. Argazkia: EFE
Trumpen jarraitzaileak, Kapitolioan.
Trumpen jarraitzaileak, Kapitolioan. Argazkia: EFE

E .G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kapitolioaren kontrako erasoan parte hartu zuen Oath Keepers (zinaren zaintzaileak) talde paramilitarraren buruzagietako batek adierazi du Donald Trump AEBko presidentearen aginduak jarraitzen zituztela, AEBko Justizia Departamentuaren dokumentuaren arabera.

"Data hurbiltzen zen heinean, (Jessica) Watkinsek esan zuen Trump presidentearen jarraibideen zain zegoela", jaso dute agirian fiskalek. CNN telebista kateak dokumentuaren xehetasunak jakinarazi ditu gaur.

Southern Poverty Law Centerren arabera, Oath Keepers "gobernuaren kontrako AEBko muturreko talde handiena da, eta milaka polizia eta militar beterano daude parte hartzaileen artean".

CNNk nabarmendu duenez, "fiskalek inoiz baino argiago esan dute erasoak Trumpen babesa zuela". Aurretik, baina, gutxienez lau atxilotuk aitortu duten presidentearen agindupean ari zirela. 

Watkinsek 2020ko azaroaren 9an idatzitako beste testu bat ere aipatzen gaur argitaratutako dokumentuak, eta bertan agerian geratzen da presidentearen babesa beharrezko zutela: "Ondo landutako tranpa bat izatearen beldur naiz. POTUSek (AEBko presidentea) berak martxan jartzen ez badu, ez da legitimoa. POTUSek eskubidea du unitateak martxan jartzeko. Trumpek joateko esaten badit, joan egingo naiz. Bestela, ez dut berarengan konfiantzarik izango". Watkinsek abendu amaieran jaso omen zuen presidentearen oniritzia.

CNNren esanetan, Justizia Departamentuko fiskalak Watkins kartzelan mantentzearen alde daude.

Emakumeari konspirazioa eta beste delitu batzuk egotzi dizkiote. Beste ehunka pertsonekin batera Kapitolioa hartzeko saiakeran parte hartu zuen Watkinsek, bi ganberek Joe Bidenen garaipena berretsi behar zuten egunean.

Erasoan bost pertsona hil ziren, tartean Kapitolioko polizia bat. Auziaren ondorioz, Trumpen kontrako bigarren epaiketa politikoa egiten ari dira Senatuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa