Mundua -

AEB

Trumpek, Etxe Zuria utzi duenean: "Nolabait itzuliko gara"

"Gogora gaitzazue", esan du. "Oztopoak oztopo, dena eman dut. Beti borrokatu dut zuen alde. Begira egongo naiz. Entzuten egongo naiz", adierazi du azken agerraldian.

Donald eta Melania Trumpek Etxe Zuria utzi duten unea. Argazkia: EFE
Donald eta Melania Trumpek Etxe Zuria utzi duten unea
Donald eta Melania Trumpek Etxe Zuria utzi duten unea. Argazkia: EFE

1:17

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trumpek, orain arte AEBko presidente izan denak, Etxe Zuria utzi du Joe Bidenen inbestidura baino lau ordu lehenago, Floridara joateko. Hortaz, arratsaldean ez du Joe Biden AEBko presidente hautatuaren kargu hartzean parte hartuko.

08:00etarako (hango ordua) deitu ditu komunikabideak Etxe Zuriak. Ordu horretan irten dira handik Trump eta haren emazte Melania, helikopteroz.

Bidenek, bestalde, Blair Housen igaro du gaua. Hori da Washingtonen gonbidatuentzat duten egoitza ofiziala.

Presidente berriak agintea hartu orduko, meza entzungo dute Bidenek eta Kamala Harris presidenteordeak. Handik Kongresurako bidea hartuko dute biek ala biek.

Trumpek aspaldi iragarri zuen ez zela Bidenen kargu hartzean egongo, eta ez zuela harekin biltzeko asmorik, "hauteskundeetan iruzurra egon zela" aitzakia hartuta. Trumpek, baina, ez du esandakoa egiaztatzen duen frogarik aurkeztu.

Adierazpen horiek alde batera, Trumpek, bideo baten bidez, "arrakasta" opa zion presidente berriari iragan asteartean, "AEBk seguru eta aberats jarrai dezan". Halaber, Kapitolioan aurka urtarrilaren 6an haren jarraitzaileek egindako erasoa gaitzetsi zuen.

Bidenen garaipena berresteko Kongresuan bozketa egiten ari zirenean oldartu ziren Kapitolioaren aurka Trumpen jarraitzaileak. Gertatutakoaren aurrean, botere aldaketa "ordenatua" agindu zuen Trumpek.

Egun batzuk geroago iragarri zuten haren aurkako bigarren epaiketa bat abiatuko zutela, jarraitzaileak "matxinadara deitzeagatik".

Trump: "Nolabait itzuliko gara"

Etxe Zuria utzi osteko hitzaldian, Donald Trumpek zera aurreratu du: "Nolabait itzuliko gara".

Helikopteroak Marylandera eraman ditu Donald eta Melania Trump, eta han egin du azken agerraldia, presidente gisa. Berriro ere, gidoirik gabe, orain arteko gobernuak egindako lan "ikaragarria" defendatu du. Trumpek berak onartu du ez duela "Gobernu arrunt" zuzendu, baina alor ezberdinetan abiatutako politikak txalotu ditu; militarrean, ekonomikoan, judizialean eta osasun-gaietan, esaterako.

Horrez gain, covid-19ak jota hil diren estatubatuarren familiei doluminak agertu dizkie, eta nabarmendu du bere kudeaketari esker "miraria" gertatu dela, AEBk bederatzi hilabeteko epean txertoa lortu duelako.

"Gogora gaitzazue", esan du. "Oztopoak oztopo, dena eman dut. Beti borrokatu dut zuen alde. Begira egongo naiz. Entzuten egongo naiz", erantsi du Trumpek Bidenen gobernuari "arrakasta handia" opa aurretik. "Datozen lau urteetan zerbait ikusgarria egiteko oinarria utzi diegu", adierazi du.

Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, bai Trumpek eta baita haren emazteak ere ohar bana utzi diote presidente berriari, ongietorria emanez. CNNk aipatutako iturriek, baina, ez dute zehaztu zer zioten mezu horiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Joe Biden