Mundua -
Polizia operazioa
Estatu Islamikoko ustezko 431 kide atxilotu ditu Saudi Arabiak
Hala iragarri du Saudi Arabiako Barne ministerioak. Atxilotuak bederatzi nazionalitate ezberdinetakoak dira. Halaber, sei atentatu suizida eta segurtasun indarren kontrako erasoak zapuztu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Saudi Arabiak Estatu Islamikoko ustezko 431 kide atxilotu ditu, Al Arabiya telebista kateak berri eman duenez. Saudi Arabiako Barne Ministerioak eman du albistearen berri.
Atxilotuak bederatzi nazionalitate ezberdinetakoak dira eta "ezegonkortutako guneetatik" jarduten zuten, Barne Ministerioaren arabera. Halaber, sei atentatu suizida eta segurtasun indarren kontrako erasoak zapuztu omen ditu Gobernuak.
Atxilotuetako 190 laguni Al Qadeeh eta Al Unoud meskiten kontrako erasoen ardura egozten zaien lau zeluletako kide izatea leporatzen diete. Lehenengo erasoan 20 pertsona hil zituzten eta bigarrenean, berriz, lau.
Bestalde, 97 laguni Dalga herri xiitan zortzi hildako eragin zituen atentatu batean nahastuta egotea egozten diete.