Mundua -
Italia
Poliziak Al Qaidaren ustezko sare bat desegin du Italian
Gutxienez 18 lagun atxilotu dituzte. Ikertzaileen arabera, atxilotuek hainbat atentatu terroristatan parte hartu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Poliziak Al Qaidaren ustezko sare bat desegin du Italian, eta gutxienez 18 lagun atxilotu ditu, polizia iturriek berri eman dutenez.
Al Qaidako ustezko sei kide Sardinian atxilotu dituzte, hain zuzen ere, ustezko zelula terrorista horrek egoitza zuen tokian. Gainerako atxiloketak non egin dituzten, baina, ez dute zehaztu.
Ikertzaileen arabera, atxilotuek hainbat atentatu terroristatan parte hartu zuten, besteak beste, 2009an Peshawar hirian (Pakistan) ehun hildako eragin zituen erasoan.
Italiako Poliziak ohar bidez azaldutakoaren arabera, telefono-entzuketetatik ondorioztatu ahal izan dutenez, ustezko sareko bi kide Osama Bin Laden babesteaz arduratzen ziren Pakistanen.
Urte askotako ikerketaren ondoren egiaztatu egin omen dute erakundeak armak zituela eta Pakistanera eta Afganistanera bidaltzeko jendea errekrutatzen zuela bertan eraso terroristak egiteko. Ondoren, Italiara itzultzen omen ziren, oharraren arabera.
Poliziaren esanetan, sareko kide batek dirua biltzen zuen Italian bizi ziren pakistandarren eta afganiarren artean, gero herrialde horietan atentatuak egiteko.