Mundua -

Etxe Zuria

AEBek bi bahitu hil zituzten Al-Qaidaren aurkako operazio batean

Terrorismoaren kontrako operazioaren “erantzukizun guztia” bere gain hartu du Obamak. Gainera, gertatutakoa deitoratu du AEBetako presidenteak.

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
AEBek bi bahitu hil zituzten Al-Qaidaren aurkako operazio batean

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi bahitu, estatubatuar bat eta italiar bat, hil zituzten Al-Qaidaren aurkako operazioaren “erantzukizun osoa” bere gain hartzen duela adierazi du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak.

Serio eta atsekabeturik, adierazpen laburra egin du Obamak Etxe Zuriko prentsa aretoan. Gertatutakoa “sakon” deitoratu du buruzagiak, eta bi hildakoen senitartekoei elkartasuna adierazi die. Terrorismoaren aurkako operazioan Warren Weinstein eta Giovanni Lo Porto hil zituzten.

“Presidente eta komandante-buru bezala, operazioaren aurkako operazio guztien erantzukizun osoa hartzen dut, Warren eta Giovanni nahigabe akabatu zituenarena ere”, esan du Obamak.

Warren 2011z geroztik bahiturik zegoen, eta Giovanni 2012az geroztik. Pakistanen langile humanitarioak ziren eta Al-Qaidak bahitu zituen.

Biak “ustekabean” hil zituzten iragan urtarrilean, AEBen operazio batean. Afganistan eta Pakistan arteko mugan kokaturik zegoen Al-Qaidaren gune bati eraso zion AEBetako Armadak.

“Egia jakitea merezi dute”

“Al-Qaidaren gune bat zela, zibilik ez zegoela eta terroristak harrapatzerik ez zegoela uste genuen”, azaldu du Obamak. Gertatutakoa publikoki jakinarazteko agindua eman zuela zehaztu du agintariak, hildako bi bahituen senitartekoek “egia ezagutzea merezi dutelako”.

Presidenteak agerraldia egin baino lehen, Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak bi bahituen hilketaren berri eman du. Al-Qaidarekin lotura zuten “beste bi estatubatuar” eskualdeko beste operazio batzuetan hil zituztela gaineratu du Earnestek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea