Mundua -
Palestina
Israelgo Armadak gogor bonbardatu du Gaza
Israelgo hegazkin militarrek 34 helburu militarretik gora bonbardatu dituzte, Jihad Islamiarra eta Hamas taldeen kontra.
Erredakzioa
Israelgo hegazkin militarrek bonbardaketa gogorrak egin dituzte bart Gazan, ekainaren 12an bahitu zituzten hiru ikasle israeldarren gorpuak Hebronen aurkitu eta ordu gutxira. Erasoaren ondorioz hildakoen kopuruak jakinarazi ez badituzte ere, adingabe bat tiroz hil dute soldadu israeldarrek Jeninen, Zisjordanian.
Efe albiste-agentziak lekukoen adierazpenak aipatuta jakitera eman duenez, hegazkin militarrek 34 helburu militarretik gora bonbardatu dituzte, Jihad Islamiarra eta Hamas taldeei eraso egiteko. Izan ere, Israelgo Gobernuak horiei leporatzen dizkie gazte israeldarren bahiketa eta hilketa.
Besteak beste, Hamasek Israeli eraso egiteko erabiltzen dituen guneen kontra egin omen dituzte erasoak.
Gazte israeldarren bahiketak indarkeriaren gorakada eragin zuen, eta azken orduetan elkarri mehatxuka aritu dira. Israelek operazioa abiatu zuen bahiketak izan ondoren, eta operazio horretan sei palestinar hil, 118 zauritu eta 471 atxilotu ditu, eta 2.200 miaketa baino gehiago egin ditu Zisjordania osoan.
Gazteak hilik zeudela jakin ostean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak segurtasun arduradunak bildu zituen erantzun bat adosteko, eta egindakoagatik ordainduko zuela ohartarazi zion Hamasi.
Mugimendu islamistak israeldarren bertsioa ez sinesteko eskatu zuen, eta Gazaren kontrako gerra abiatuz gero "infernuaren ateak irekiko dituzte", ohartarazi du.