Gizartea -
Migrazioa
'Aita Mari' bere laguntza humanitarioko 14. misiora abiatu da
SMHk elkartasun eta babes komunitariorako deia egin du, 20.000 euro lortzeko eta misio humanitario berri honen eragina maximizatzeko.
Agentziak | EITB MEDIA
Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontzia Saguntoko portutik abiatu da gaur, larunbata, Sirakusara joateko baimena jaso ostean, Mediterraneoan migratzaileei laguntza humanitarioa emateko 14. misioari ekiteko.
SMHk ohar baten bidez adierazi duenez, "aurreko misioa portu honetan amaitu ostean, berriro itsasoratzen gara, gero eta larriagoa den migrazio-krisiari aurre egiteko".
Ildo horretan, bidaia horrek deialdi "urgente" bati erantzuten diola gaineratu du, "itsasoz ihes egitera behartutakoen duintasuna eta segurtasuna defendatzea" baitu helburu.
Misioari laguntzeko, gobernuz kanpoko erakundeak dohaintzak online emateko plataforma bat jarri du martxan, 20.000 euro biltzeko, erregai, hornidura mediko eta elikadura eta Aita Mari erreskate-ontziaren mantentze-lanak ordaintzeko.
SMHk dohaintzen erabilerari buruzko txosten zehatzak eskaintzeko konpromisoa hartu du, "ekarpen bakoitzak misioan zuzeneko eragina izan dezan".