Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Artolazabalek Espainiako Gobernuaren gardentasun falta salatu du, Gasteizko harrera-zentroaren harira

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, betebehar bat da "asiloa eta nazioartearen babesa eskatzen duten pertsonak artatzea", eta Eusko Jaurlaritza horretan ari da.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburua. Argazkia: EiTB
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburua. Argazkia: EiTB
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburua. Argazkia: EiTB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du "inolako informaziorik ez" duela Espainiako Gobernuak Gasteizen eraikiko duen harrera zentroaren harira, "komunikabideetan argitaratutakotik harago".

Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin Podemos-IUren galdera bati erantzunez jakinarazi duenez, sailburuak ez du bulegoan "proiektuari erreferentzia egiten dion dokumentu bakar bat ere".

Horren aurrean, eta PPren interpelazioaren aurrean, Espainiako Gobernuak proiektuarekin izan duen jokabidea kritikatu du, gardentasun falta salatuz.

Gainera, Artolazabalek uste du zentroaren neurria ez dela egokia (350 pertsona hartzeko lekua izango du), "ez duelako kontuan hartzen azken urteotan Eusko Jaurlaritzak eta Ministerioak elkarlanean egindakoa".

Artolazabalen esanetan, "proiektuak gehiegizko tamaina du, eta galarazi egingo du ibilbide pertsonalizatuak egitea asiloa eskatzen duten pertsonak gure gizartean erabat integratzeko".

Dena den, sailburuak berretsi du beharrezkoa dela asiloa edo nazioartearen laguntza eskatzen dutenei laguntzea, eta gogorarazi du EAEn zenbait zentro dituztela horretarako.

"Azken urteotan, 1.400 pertsona inguru artatu ditugu Tolosan, Oñatin eta Berrizen, guztira 175 plaza batzen dituzten hiru zentroetan, edo hiru lurraldeetan banatuta dugun etxebizitza sareko 85 plazetan", gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, beharrezkotzat jo du asilo eskatzaileentzako plaza kopurua handitzea EAEn, baina ez Espainiako Gobernuak proposatutako ereduarekin, orain arte jorratutakoarekin baizik.

Eskutitza Escrivari

Artolazabalek eskutitza bidali zion Escriva ministroari zentro horren berri komunikabideetan jaso zuenean, eta adierazi zion Ministerioak Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin behar zuela lehenik.

"Aitortzen dizuet harrituta nagoela gutunaren erantzunik jaso ez dudalako", adierazi du, beste ministro batzuekin duen harremana, desadostasunak izan arren, "bikaina" delako.

Berretsi du elkarrizketa dela akordioetara iristeko arazoak konpontzeko bidea, baina "ez da erraza adostasunera iristea informaziorik gabe eta beste aldeak borondaterik ez badu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Espainiako Gobernua Gizartea Euskadiko PP Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi