Gizartea -

Minbiziaren Mundu Eguna

Minbiziak eragindako heriotzek behera egin dute EAEn azken 20 urteotan, bereziki gizonen artean

Emakumeen artean, beherakada hori ia ez da aldatu (urteko % 0,3an mantendu da), baina gizonen artean % 2,6koa da 2014tik.

Donostiako Onkologikoaren kontsulta bat. Artxiboko argazkia: EITB Media
Donostiako Onkologikoaren kontsulta bat.
Donostiako Onkologikoaren kontsulta bat. Artxiboko argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Minbiziak eragindako heriotzak jaitsi egin dira azken bi hamarkadatan (2001-2021 aldia), batez ere gizonen artean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Bihar da Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira, eman ditu datuok Jaurlaritzak. 

Heriotza-tasaren beherakada bi sexuetan izan bada ere, gizonezkoen artean nabarmena izan da 2014tik aurrera. 2001-2014 aldian, urteko % 0,9koa zen jaitsiera (438,9 100.000 biztanleko 2001ean), baina urte horretatik aurrera % 2,6koa da (iaz, 321,1koa izan zen 100.000 biztanleko). Hilkortasuna gehien jaitsi duten tumore gaiztoen artean daude, besteak beste, faringeko, urdaileko edo besikulakoa, % 2ko jaitsierekin. Kontrara, gizonen heriotza-tasak nabarmen egin du gora nerbio-sistema zentraleko eta pankreako minbiziaren kasuan (% 1 inguru).

Emakumezkoen artean, heriotza-tasaren jaitsiera egonkor mantendu da 2001etik, baina urteko % 0,3 baino ez da jaitsi. 2001eko 100.000 biztanleko 177,3 tasatik 160,3ko tasara igaro da 2021ean. Dena dela, tumore gaizto batzuen hilgarritasuna nabarmen jaitsi da, hala nola, besikulakoa (% 3,3), urdailekoa (% 2,1) eta bularrekoa (% 1,5). Ifrentzuan, eta antzeko portzentajeekin, kezkagarriak dira beste hauetan atzemandako igoerak: biriketakoak (%2,2) , aho-barrunbeko eta faringeko (% 1,9) eta pankreakoa (% 1,4).

Ohar batean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du, jaitsierak jaitsiera, minbizia dela oraindik ere heriotzen arrazoi nagusia. Hala, horren iritzian, "beharrezkoa da lanean jarraitzea, Euskadiko Onkologia Planaren esparruan, bereziki prebentzioaren eta ikerketaren arloan, heriotza-tasa jaisten, biziraupena handitzen eta pazienteei ematen zaien arreta hobetzen jarraitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Minbizia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak