Gizartea -

ABIADURA HANDIKO TRENA

AHTren lanek Arrasateko Lezetxiki kobazuloan kalte handiak eragin dituztela salatu dute

Arrasate eta inguruko espeleologia zaleen kolektiboak zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, Abiadura Handiko Trenaren tunela leizezulo barruraino sartu da.

Tunela Lezetxiki kobazuloaren barruan
Tunela Lezetxiki kobazuloaren barruan
Tunela Lezetxiki kobazuloaren barruan

0:36

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lezetxikiren lagunek (Arrasate eta inguruko espeleologia zaleen kolektiboa) salatu dutenez, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanek kalte handiak eragin dituzte Arrasateko Lezetxiki kobazuloan.

Kolektiboak zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, Abiadura Handiko Trenaren tunela leizezulo barruraino sartu da.

Halaber, luiziak gertatu dira eta, esaterako, meazulo bat guztiz estalita gelditu da. Hain zuzen ere, luizia gertatu den tokitik 30-40 metrora AHTren tunelaren kanpoko estaldura dagoela egiaztatu dute.

Euskal Herrian giza aztarnarik zaharrenak aurkitu zituzten tokia da Lezetxiki eta babestuta dago. Zehazki, Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoa Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatu zuten 2022. urtean. Dena dela, gaur salatu dituzten kalteak babestuta dagoen aztarnategitik kanpo daude.

Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailea (Espainiako Gobernua) egiten ari da lanak inguru horretan eta berari dagokio eskumena.

Erreakzioak

Adifek Lezetxikiren Lagunak elkarteak egindako salaketari ohar baten bidez erantzun dio. "Egiten dituen obra guztiak naturgunea, fauna eta ondarea kontserbatzeko Ingurumen Inpaktuaren Deklarazioaren zehaztapenen mende" daudela gogorarazi du.

Trenbide azpiegituren administratzaileak adierazi duenez, "kobazuloen inguruan lan egiten denean, egiten diren lan guztiak ikuskapen arkeologikoarekin egiten dira", eta Gipuzkoako Foru Aldundiko dagokion departamentuarekin etengabe koordinatuta lan egiten da.

Adifek dioenez, katalogatu gabeko haitzulo baten adar bati dagozkio zabaldutako irudiak. Kasu horietan nahitaezkoa denez, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi zion, eta hark arkeologo eta espeleologo talde bat bidali zuen haitzulora. Txostenean, adituek adierazi zuten "kobaren egoera orokorra ona dela, eta ez zela aztarna arkeologikorik edo paleontologikorik aurkitu".

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, adierazi du Lezetxiki haitzuloko aztarnategi arkeologikoak ez duela inolako kalterik jasan AHTren Arrasate-Elorrio tarteko tunelen obrengatik.

Leibar-Leizetxiki barrunbe sistemaren bideo eta argazkien argitalpenarekin sortutako zalapartaren aurrean, Kultura Sailak gogorarazi du sistema horrek hainbat kilometroko galeriak dituela, eta ertzetako bati aspaldi eragin ziotela AHTren tunel baten lanek.

Nolanahi ere, nabarmendu du aztarnategi arkeologikoa puntu horretatik oso urrun dagoela, "justu kontrako muturrean, eta salatutako lanek ez dutela eraginik izan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Arrasate Gizartea albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Euskal Y Ekologia gaur Debagoiena gaur