Gizartea -

Eguraldia

Hotzagatik ezarritako abisu horia amaituta, tenperaturek gorako bidea hartuko dute datozen egunetan

Badirudi elurra eta muturreko hotza atzean uzten hasi garela. Goizetan hotz egiten jarraituko du, baina maximoak 10 ºC-ra hurbiltzen joango dira.

Donostiako Pasealeku Berria. Argazkia: Efe
Donostiako Pasealeku Berria. Argazkia: Efe
Donostiako Pasealeku Berria. Argazkia: Efe

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken bi asteetako hotz, euri eta elur giroa atzean geratuko direla aurreikusi du Euskalmetek, aste berriarekin batera tenperaturak gora egingo duela eta atertu egingo duela espero baitu.

Gaur, astelehena, ateri eutsiko dio eta tenperatura koska pare bat gorago kokatuko da. Kantauri isurialdean hodeiak gailenduko badira ere, oro har, hodeitza ez da asteburuan bezain trinkoa izango. Aldiz, hegoaldean, egunsentiko behe-lainoak desegin ostean, urdinguneak gailenduko dira. Haizea mendebaldetik ibiliko da eta arratsaldean ipar ukitua hartuko du. Tenperatura maximoak hiruzpalau gradu igoko dira, baina egunsentia hotza izango da eta barnealdeko leku askotan izotza botako du, batez ere Araba eta Nafarroan.

Asteartean aurreko egunekoaren bide beretik jarraituko du eguraldiak. Kantauri isurialdean hodeitsu jarraituko du zeruak, behe-hodeiak gailenduz, eta baliteke arratsaldean euri pixka bat egitea, bereziki ekialdean. Hegoaldean, berriz, ostarte politak nagusituko dira eta Ebro ibarrean giroa eguzkitsua izango da. Egunaren bigarren partean haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da eta tenperatura maximoak bizpahiru gradu igoko dira. Egunsentian Araba eta Nafarroako zenbait puntutan baliteke izotza egitea.

Asteazkenean ildo beretik jarraituko du eguraldiak, eta astebururako tenperaturak gora egitea eta zerua argitzea espero da.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb-eus-en eta bidali zure argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Nafarroa Araba Iparraldea bideoak Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Elurra Gaurko titularrak Albisteak