Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Uriarte: "Epaileak heteropatriarkalak direla esateak biktimek salaketa ez jartzea ekar lezake"

San Frantzisko auzoko hilketa matxistaren kasuan Udalaren abokatuak esandakoei erantzun die Bilboko epaile dekanoak. Marta Dolado abokatuak epaileak "kontserbadoreak eta heteropatriarkalak" zirela deitoratu zuen.

Uriarte, artxiboko argazki batean. Argazkia: EITB Media
Uriarte, artxiboko argazki batean.
Uriarte, artxiboko argazki batean. Argazkia: EITB Media

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoaren ustez, epaileak matxistak direla esatea "erabat bidegabea eta arriskutsua" da, salaketa aurkeztekotan dauden biktimek ez salatzea erabaki dezaketelako, eta hortaz, "salaketarik ezean, Euskadin emakumeak babesteko dugun sistema polizial eta judiziala ez da martxan jarriko", argudiatu du. Modu horretan erantzun die Marta Doladok, hiribilduan izan den azken hilketa matxistaren kasuan Udalaren izenean jardungo duen abokatuak, epaileei buruz esandakoei ("kontserbadoreak eta heteropatriarlak" zirela adierazi zuen). 

Uriartek Radio Euskadiren "Cronica de Euskadi" saioari eskainitako elkarrizketan azpimarratu duenez, Ertzaintza "prestatuta dago" indarkeria matxistaren kontra aritzeko eta epaileek formazio nahikoa dute ondo erantzuteko. "Hilketa asko saihesten ditugu, eta kopurua zehaztu ezin bada ere, hala da, baina tamalez batzuetan gertatzen dira", deitoratu du.

Rebeca Huaytaren hilketa matxistaz luze eta zabal mintzatu da Bilboko epaile dekanoak. Argitu du ustezko hiltzaileak aurrekariak zituela indarkeria matxistagatik, baina "duela 10 urte baino gehiagokoak ziren". Horrez gain, Huaytarekin lotuta, bi zigor auzi zituen zabalik, bikoteak San Frantzisko auzoan zuten tabernan istiluak sortzeagatik. "Kasu batean, Ertzaintza joan behar izan zen tabernako botila guztiak apurtu zituen. Emakumeak ez zuen haren kontra lekukotza eman nahi izan, lekukoek ere ez. Ez ziren zauritu", azaldu du. Uriarteren arabera, "ez zegoen gizonaren kontrako salaketa edo lekukotzarik, eta beraz, ezin izan zen neurririk hartu". 

Bestalde, delituak behin eta berriz egiten dituzten gaizkileekin epaile eta fiskalek bigunegi jokatzen dutela dioten alkateei erantzunez, Uriartek azpimarratu du justiziak "jarduteko aukera gutxi" dituela, "zigor prozedura oso bermatzailea" delako, eta atxilotutako pertsona bati badaezpadako kartzelaldia ezartzeko, baldintza jakin batzuk bete behar direla. "Ulertzen dut kritika, eta ez diot arrazoirik ez dutela, baina sistema bermatzaile hori aldatu beharko lukete, eta ez epaileak kargu hartu", bota du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Epaiketak argazkiak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa