Gizartea -

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren biktimak % 80 igo dira Nafarroan, eta % 20, EAEn

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiak urteko hirugarren hiruhilekoan bildutako datuen arabera, Hego Euskal Herriko 2246 emakumek salatu zuten bikotekidea edo bikotekide ohia.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat.
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urteko hirugarren hiruhileko honetan, hazi egin da indarkeria matxistaren biktima kopurua Hego Euskal Herrian, betiere iazko epe berarekin alderatuta. Hazkundea bereziki nabarmena izan da Foru Erkidegoan, % 83,2 egin baitu gora, eta hain nabarmena izan den arren (% 20,3), hazkundea izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ere.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiak eman ditu datuok, eta igoeron aurrean gizarteari deia egin dio, "gaitz horren larritasunaren jabe egin dadin". Angeles Carmona Behatokiko presidentearen hitzetan, kopuruok "onartezinak" dira. Dena dela, aitortu du balitekeela "gero eta emakume gehiagok laguntza eskatzea, erakundeengan konfiantza handiagoa izatea eta salatzea. Hori guztia modu positiboan baloratu beharko genuke".

Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, EAEn 1590 emakumeri, tartean bost adingaberi, aitortu diete biktima izaera. Nafarroan, 656 izan dira (bi adin txikiko).

Datuokin, indarkeria matxistaren biktimen tasa horrela geratu da: Nafarroan, 10.000 emakumetik % 19,6k pairatzen dute indarkeria matxista (iaz % 10,7 zen), EAEn % 14koa da tasa hori (% 11,6 zen 2021eko epe berean).

Epaitegiek emandako babes aginduei dagokienez, eskatutako kasu guztien % 73 eta % 76 onartu zituzten hurrenez hurren EAEn eta Nafarroan. Hortaz, iazko datuekin alderatuta, % 40 inguru hazi dira babes neurriak.

Horrez gain, uztaila eta iraila bitartean, EAEko epaitegiek 301 zigor epai eman dituzte, iaz baino % 28,1 gehiago. Nafarroan, 103 zigor epai izan ziren, % 32,1 gehiago.

Guztira, 420 gizon epaitu dituzte udako hilabeteotan indarkeria matxista egotzita, iazko epe berean baino % 24,5 eta % 28 gehiago (EAEko eta Nafarroako datuak).

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Salaketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa