Gizartea -

Gazteen emantzipazioa

25-29 urteko gazteei zuzendutako emantzipazio laguntza ematea aztertzen ari da Jaurlaritza

Jaurlaritzak Emantzipaziorako Euskal Estrategia aurkeztu du gaur. Asmoa da batez besteko adina 30 urtetik 28ra jaistea 2030erako. Laguntzaz gain, etxebizitza eta enplegu alorreko ekimenak jaso dituzte planean. Orain, ekarpenak egiteko epea zabaldu, eta martxorako onartuko dute behin betiko plana.

EAEko gazteek 25 urterekin nahiko lukete emantzipatu, Jaurlaritzak bildutako datuen arabera. Pixabay
Hainbat gazte, itsasoari begira.
EAEko gazteek 25 urterekin nahiko lukete emantzipatu, Jaurlaritzak bildutako datuen arabera. Pixabay

E.G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 eta 29 urte arteko gazteentzako emantzipazio dirulaguntza ematea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, gazteek gurasoen etxea arinago utz dezaten. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazteak 30,2 urterekin emantzipatzen dira gaur egun, baina 2030erako, batezbesteko hori 28 urtera murriztu nahiko luke Jaurlaritzak, baita emantzipazio tasa (25-29 urteko gazteena) egungo % 39,5etik % 50era igo ere.

Bi helburuok ardatz hartuta, Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategiarako proposamena ondu du Gobernuak, eta bertan jaso du aipatutako balizko dirulaguntza hori ere. Oraindik, baina, zehazteke dago laguntzaren zenbatekoa, iraupena edo ezaugarriak zeintzuk izango diren.

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak aurkeztu ditu planaren nondik norakoak, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan.

Fernandezek azaldu duenez, dokumentuari ekarpenak egiteko bi hilabeteko epea zabalduko dute orain. Besteak beste, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (60 bat gazte erakunde biltzen dituen erakundea), talde parlamentarioen eta gainerako erakundeen iritzia jaso nahi da, otsailera bitarte. Eusko Jaurlaritzaren asmoa da martxoan behin betiko testua onartzea.

Fernandezek aitortu du gaur aurkeztu duten estrategia ez dela "hutsetik abiatutako zerbait", eta jada martxan zeuden neurriak (besteak beste, alokairua sustatzeko Gaztelagun programa edo Trapezistak familia sarerik ez duten gazteentzako babes egitasmoa) eta berriak "uztartu" dituela ekinbide bakarrean. Berrikuntzen artean, aipatu du Eusko Jaurlaritzak Gazteriaren aldeko Ituna izenpetu nahiko lukeela eta horretarako "adostasunik zabalena" komeni dela. "Jaurlaritzak horren alde egingo du lan", erantsi du.

Europako gazteak lau urte lehenago, 26 urterekin, emantzipatzen dira

Azterlanak Euskadiko gazteen emantzipazioari argazkia atera dio. EAEko gazteek 24-25 urterekin emantzipatu nahiko lukete, baina batez beste, 30 urteak beteak dituztenean egiten dute. Bestalde, emantzipazio tasa (18-34 urte) % 35,1ekoa zen Euskadin 2020an, eta pandemiak are gehiago okertu du datua. Dena dela, emantzipaziorako adina 30 urteren bueltan daramatza azken 10 urteak.

Orokorrean, Espainiako Estatukoak baino hobeak dira EAEko datuak, baina Europako testuingurutik urrun daude oraindik. Europar Batasuneko gazteak 26,2 urterekin joaten dira gurasoenetik, eta emantzipazio tasa % 50ekoa da (2019ko azken datua: % 49,6).

Enplegu eta etxebizitza alorrean ere, aldea nabarmena da. EAEn, gazteen okupazio tasa % 37,3koa zen 2020an, eta EBn, % 46,1ekoa. Langabezia tasan, berriz, bost puntuko ezberdintasuna dago: EAEkoa % 22an dago; Europakoa, aldiz, % 13,3an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Etxebizitza Dirulaguntzak