Gizartea -

KRISIA OSAKIDETZAN

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek elkarretaratzea egingo dute egunero, Osakidetzaren kudeaketa salatzeko

Halaber, prentsaurrekoa deitu dute arratsalderako, herritarrei azalpenak eman eta egoerari buruzko euren iritzia jakinarazteko. Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak Donostian duen egoitzan egingo dute agerraldia, 15:30ean.

Nuria Gonzalez eta Arantza Aguillo, gaur, Donostian. Argazkia: EFE
Nuria Gonzalez eta Arantza Aguillo, gaur, Donostian
Nuria Gonzalez eta Arantza Aguillo, gaur, Donostian. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizero, 08:15ean, elkarreratzea egingo dute Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek Donostia Ospitalearen atarian, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko, eta, aldi berean, joan den astean kargugabetu zituzten eta dimisioa aurkeztu zuten lankideak atzera berriz euren karguetara itzultzea eskatzeko.

Hedabideen aurreko agerraldia ere deitu dute arratsalderako, 15:30ean Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren egoitza nagusian, Donostian. Herritarren aurrean azalpenak eman nahi dituzte zerbitzuburuek: Donostialdeko ESIan azken egunotan gertatutakoa azaldu eta euren iritzia partekatu.

Ekimenon berri emateko, hainbat osasun langile Donostiako Ospitaleko erietxearen atarian bildu ziren, atzo eguerdian. Protestak deitu dituzten osasun langileen izenean, Arantza Aguillo eta Nuria Gonzalez, Larrialdietako eta Anestesiologiako zerbitzuburuek, hurrenez hurren, hitz egin zuten. Biek ala biek "lasaitasunerako mezua" igorri zieten ospitaleko erabiltzaileei, azken egunotan lehertu den aferak "ez duela osasun arreta kaltetuko" eta "zerbitzu guztiak bermatuta" daudela ziurtatuz. "Hemen jarraitzen dugula eta lanean jarraitzen dugula esan nahi diegu herritarrei", esan zuten.

Aguillok zehaztu zuenez, gaurko prentaurrekoan emango dituzte gaiaren inguruko euren azalpenak, baina argi utzi zuen kargutik kendutako Itziar Perez Donostialdeko ESIko kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikua karguetara itzultzea exijituko dutela, besteak beste. 

Atzo 23 zerbitzuburuk izenpetutako gutuna ekarri zuen gogora Aguillok, eta bertan jasotzen den bezala, "politika suizidak" atzean uzteko eskatu die Osasun Saileko arduradun nagusiei. Osakidetzaren zuzendaritza kargugabetzea eskatu zuten sinatzaileek astelehenean kaleratutako idatzian.

Ildo beretik mintzatu zen Gonzalez ere, eta gaineratu zuenez, datozen egunotan protestetara osasun langile gehiago batzea espero dute, jai-egun eta zubia behin igarota.

Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak elkarrizketarako egindako deiari erantzunez, bi zerbitzuburuek azaldu zuten eurek hasieratik agertu dutela hitz egiteko borondatea.

Bere aldetik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astelehenean adierazi zuen Donostialdeko ESIko kargugabetzeak "ikuspegi bateratua partekatzeko zailtasunen" ondorio zirela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Donostia Ospitalea