Gizartea -

Mehatxuak

Pedro Sanchezi material piroteknikoa zuen gutun bat igorri zioten

Azken egunotan, orotara, material leherkorra zeramaten sei pakete atzeman dituzte Espainian, guztiak goi-kargudunei igorritakoak. Auzitegi Nazionala modu bateratuan ari da denak ikertzen, terrorismo delitua egon daitekeelakoan.

Lehergailua daraman gutun-azal bat jaso du Pedro Sánchezek. Argazkia: EFE
Lehergailua daraman gutun-azal bat jaso du Pedro Sánchezek. Argazkia: EFE
Lehergailua daraman gutun-azal bat jaso du Pedro Sánchezek. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak material piroteknikoa zuen gutun-azal bat jaso zuen azaroaren 24an, eta Moncloako Segurtasun Zerbitzuek indargabetu egin zuten. Gutun-azala aztertzen ari dira, baina behin betiko emaitzen zain, badirudi lehergailu piroteknikoetan erabiltzen den antzeko substantzia bat izan dezakeela, Barne Ministerioak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Gaur gaurkoz, Polizia Nazionalak substantzia leherkorra zeramaten sei pakete atzeman ditu, gutxienez, azken egunotan. Paketeen artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira; izan ere, euren artean antzekotasunak dituztela hauteman dute. 

Lehenengo paketearen berri asteazken honetan eman zuten, Ukrainaren Madrileko enbaxadan langile bati gutun-azala lehertu eta zauri arinak eragin ostean. Gutunazala Sergei Pohoreltsev Ukrainak Madrilen zuen enbaxadoreari zuzenduta zegoen. Ordu batzuk geroago, Zaragozako Instalaza enpresak antzeko ezaugarriak zituen gutun-azal bat jaso zuen. Kasu horretan, TEDAXe leherketa kontrolatua egin zuten, eta ez zen inor zauritu.

Gaur, Torrejon de Ardozeko (Madril) Aire Baseko segurtasun-sistemek lehergailu bat izan dezakeen hirugarren gutun-azal susmagarri bat atzeman dute goizaldean sateliteen eraikinean.

X izpien bidez aztertu ondoren, barruan "mekanismoren bat" izan dezakeela hatzeman dute, eta berehala, jarri da martxan dagokion protokoloa. Poliziako ikertzaileak Sateliteen Zentrora zuzendutako gutun-azala aztertzen ari dira. Ondorioz, Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko kideak Aire Basera bertaratu dira ingurua babesteko.

Halaber, Defentsa Ministerioko iturriek baieztatu dutenez, segurtasun zerbitzuek gaur goizean atzeman dute bosgarren pakete susmagarria: Margarita Robles Defentsa ministroari zuzenduta zihoan.

Eta azkenik, Barne Ministerioak eguerdian jakitera eman duenez, Estatu Batuek Madrilen duten enbaxandan gaur goizean lehergailu piroteknikoak zituen pakete bat jaso dute,  asteon atzemandako beste bosten "antzeko ezaugarriak" zituena. 12:30 inguruan jaso dute paketea, eta eraikineko segurtasun kontrolean atzeman dute. Modu kontrolatuan leherrarazi dute Estatuko Segurtasun Indarrek.

Auzitegi Nazionala modu bateratuan terrorismo delitu gisa ikertzen ari da. Barne Ministerioko Segurtasuneko Estatu Idazkaritzak Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari administrazioak eta eraikin publikoak babesteko neurriak zorrozteko agindu die, batez ere posta-bidalketen kontroletan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina albisteak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez bideoak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Madril