Gizartea -

agenda nagusi 2022

Adineko pertsonen ia erdia eta gazteen % 100a noizbait diskriminatuta sentitu da adinagatik

Agenda Nagusik edadismoan oinarritutako hausnarketarako eta eztabaidarako foroak garatu ditu, adinaren araberako diskriminazioa aztertzeko eta deusteztatzeko helburuarekin.

Gizartearen gehiengoa noizbait diskriminatuta sentitu da adinagatik. Argazkia: EITB Media
Gizartearen gehiengoa noizbait diskriminatuta sentitu da adinagatik. Argazkia: EITB Media
Gizartearen gehiengoa noizbait diskriminatuta sentitu da adinagatik. Argazkia: EITB Media

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nire begien distirak ez du adinik, ez itzali lelopean, Agenda Nagusik, adineko pertsonekiko parte-hartze publiko-soziala sustatzen duen programak, belaunaldien arteko foro bat burutu du edadismoaren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur, osteguna, Bilbon egindako agerraldian gogorarazi duenez, "edadismoa, adinaren arabera, pertsonak kategorizatzen eta banatzen dituen diskriminazio mota bat da, zeinak kalteak, desabantailak edo bidegabekeriak eragiten dituen, eta, aldi berean, belaunaldien arteko elkartasuna kaltetzen duen".

Programan parte hartu duten adinekoen % 48k adierazi du noizbait diskriminatuta sentitu dela adinagatik; baita gazteen % 100ak ere. Horregatik, Nagusi 2022 Agendak "paternalismoen, sentsazionalismoaren edo estereotipo mugatzaileen kontakizun berri bat eraikitzea" du helburu, eta, horrez gain, "elkarlanean, edadismoari aurre egiten eta gizartea sentsibilizatzen lagunduko duten ekimenak burutzea bilatzen du, inolako begiradarik ez itzaltzeko".

Agenda Nagusi Euskadin partaidetzaren eta elkarlaneko gobernantzaren kultura sendotzera bideratua dago. Aurtengo programan, belaunaldien arteko hamar foro garatu ditu, eta honakoa hamaikagarren eta azkena izan da. Helburua, alde batetik, egungo gizarte-ereduan nagusi diren balioen inguruko hausnarketa egitea izan da, baita horiek belaunaldiei nola eragiten dieten aztertzea. Bestetik, "kasuistikak" identifikatzea; hau da, Euskadin, hainbat esparrutan (lana, etxea, gizartea, ekonomia, osasuna, irudia eta komunikabideak), adinagatiko diskriminazio-egoerak identifikatzea.

300 profil ezberdinetako heldu zein gaztek hartu dute parte topaketetan: komunikabideetako eta beste sektore ekonomiko eta sozial batzuetako profesionalek; Arabako landa-inguruneko emakumeek; Hirugarren Sektore Sozialeko ordezkariek edo enpresa pribatuko pertsonek. "Hausnarketa prozesu bateratua izan da, estereotipoak, aurreiritziak eta pertsonen adinaren araberako diskriminazioak aitortu, aztertu eta borrokatzeko", azaldu du Artolazabalek.

Agenda Nagusiko koordinatzaileak, Beatriz Gázquezek, foroetan argitara eman diren estereotipoetako batzuetan sakondu du. Adibidez, gazteek zahartzaroa "hauskortasunarekin, gaixotasunarekin edo zaintzarekin" lotzen dute. Adinekoak "serioak, kontserbadoreak, tradizionalak edo aspergarriak" direla uste dute, baina baita "esperientzia eta ezagutza handiagoa dutenak" ere. Adinekoek, berriz, gazteak "berekoiago eta indibidualistagotzat" hartzen dituzte, baita "arduragabeagotzat" ere. Horrekin batera, "egun osoa mugikorretik eta sare sozialetatik zintzilik" daudela diote. Hala ere, gazteak "alaiagoak" direla uste dute.

Programaren aurreko edizioetan bezala, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak prozesuan zehar jasotako ekarpenekin edadismoaren aurka borrokatzeko hainbat ekintza eta ekimen egingo ditu. Gaur bertan komunikabideetan eta sare sozialetan sentsibilizazio-kanpaina jarriko da martxan. Sailburuak azaldu duenez, "adinaren inguruan dauden ideiak, aurreiritziak eta estereotipoak ilustratu eta adibide gisa jartzeko balioko du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Gazteak