Gizartea -

Eskubide Sozialen Karta

Eskubide sozialen alde eta pobretzearen kontra, Hego Euskal Herriko hiriburuak hartu dituzte milaka lagunek

Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean manifestazioak izan dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearen eta pentsiodunen pobretzea salatu dute, eta zerbitzu publikoak bermatzea eta aberastasuna banatzea eskatu.

Gasteizko manifestazioaren amaiera, gaur. Argazkia:@LABsindikatua
Gasteizko manifestazioaren amaiera, gaur. Argazkia:@LABsindikatua
Gasteizko manifestazioaren amaiera, gaur. Argazkia:@LABsindikatua

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun kalera atera dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan aberastasunaren banaketa bidezkoa eskatzeko, langile klasearen "pobretzearen" aurrean. Pentsiodunen eta soldatapekoen erosahalmena berreskuratzea ere eskatu dute, baita hezkuntza, osasuna edo zaintza sistema bezalako zerbitzu publikoen hobekuntza ere,. 

Pentsiodunen Mugimenduak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten beste 34 kolektibok deitu dituzte manifestazioak, tartean, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek. 

Eguerdian Gasteizen izan da hitzordua eta 17:30ean hasi dira Bilbo, Donostia eta Iruñeko martxak. "Pobretzearen aurrean, aberastasuna banatu", edo "Pobretzeari STOP! Bizi baldintza duinak eta prezioan kontrola" izan dira manifestazioetan ikusi diren askotariko leloetako batzuk. 

Erakunde deitzaileek deitoratu egin dute egungo krisi sistemikoaren aurrean botere publikoen aukera "langile klasea pobretzea, zerbitzu publikoak murriztea, emakumeak zainketa lan ikusezin eta aitortu gabeak egitera kondenatzea" izatea, bai eta "planetako ekosistemak eta biodibertsitatea suntsitzea" ere "pertsona gutxi batzuek gero eta aberastasun gehiago biltzearen kontura".  

Ildo horretan, manifestariek 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatu dituzte, bai eta soldata eta pentsioetako arrakalak amaitzea, zaintza eta arreta zerbitzu soziosanitarioen sare publiko unibertsala bermatzea eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketak berehala amaitzea ere. 

Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "egin behar duena egiteko" pertsona guztiei bizitza duin bat ahalbidetuko dizkieten zerbitzu publikoak, pentsioak eta soldatak bermatzeko. 

Manifestu batean, etxebizitzaren eta alokairuaren prezio "neurrigabeak" ere izan dituzte hizpide deitzaileek, gazte asko emantzipatu ezinik egotea dakartzatenak. 

Era berean, "oligopolio energetikoaren" aurka egin dute, oinarrizko produktuen (energia eta elikagaiak) prezioak igotzea eragiten ari baita.

Bien bitartean, "Ibex 35eko enpresek etekinen errekorra" lortu dutela salatu dute. "2021ean irabaziak % 83 handitu dira 2019arekin alderatuta, eta enpresen iruzur fiskala handitu da", salatu dute.

Sindikatuen eskaerak

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak kritikatu duenez, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua "Europan fiskalitateaz hitz egiten ez duten bakarrenetakoak dira", eta aurrekontu "eskasak eta defendaezinak" aurkeztu dituzte. Hori dela eta, Iñigo Urkullu lehendakariari eta Maria Chivite Nafarroako presidenteari eskatu die "botere ekonomikoetatik urrundu eta jendearen alde jartzeko".

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak ere enpresen onurak gehiago zergapetzeko erreforma fiskala errefusatzea kritikatu du, "pobrezia urtetik urtera areagotzen ari denean". Lakuntzak egin gisan, Aranburuk ere adierazi du "gobernuek eta alderdi sistemikoek" ez dutela "herritarren bizitza duina erdigunean jarriko duten politika publikoak bultzatzeko erabakirik edo borondaterik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Bilbo Donostia Iruñea Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak DSBE Manifestazioak Pentsioak Soldatak Gas naturala