Gizartea -

Nafarroa

Bost urteko kartzela zigorra, drogatuta zihoala auto istripua izan, eta bi heriotza eragiteagatik

"Anfetamina kontsumo handiagatik" egin zuen talka aurrez aurre beste auto baten aurka, eta hor zihoazen bi gazte hil ziren.

2020an N-121-A errepidean izandako istripua. Argazkia: EITB
2020an N-121-A errepidean izandako istripua. Argazkia: EITB
2020an N-121-A errepidean izandako istripua. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Aretoak 5 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati drogaren eraginpean istripu bat eragiteagatik. Ezbehar horretan bi pertsona hil eta 3 zauritu ziren. Anuen izan zen ezbeharra, Nafarroan, N-121-A errepidean, 2020ko urtarrilaren 11n.

Oraindik helegitea jasotzeko aukera duen ebazpenak jasotzen duenez, 36 urteko gizonezkoak arduragabe gidatu zuen drogaren eraginpean, eta arduragabekeria larrizko bi hilketa eragin zituen, besteak beste. Epaitegiak aringarri gisa hartu du akusatuak epaiketaren aurretik 25.000 euroko kalte-ordaina eman izana biktimentzat.

2020ko urtarrilaren 11ko 19:53 aldera, auzipetua lur orotako ibilgailu bat gidatzen ari zen N-121-A errepidean (Iruñea-Behobia), Hondarribitik Nafarroako hiribururako bidean. Aurreko gauean, frogatutzat eman dutenez, "anfetamina asko kontsumitu zuen".

Aipatu anfetaminaren kontsumo handia eta aurreko gauean atsedenik hartu ez izanak eragindako neke egoera direla-eta, eta WhatsApp erabiltzearen ondorioz, auzipetuak Behobiarako (Gipuzkoa) kontrako erreia inbaditu zuen, azeleraziokoa zena, eta aurrez aurre talka egin zuen auto batekin.

Talkaren ondorioz, beste ibilgailuko bi bidaiari hil ziren: 20 urteko gidaria eta 19 urteko atzeko ezkerreko eserlekuan zihoana. Auto horretako kopilotua ere zauritu zen, baita talka multiplean nahasitako beste auto bateko bidaiariak ere.

Epaiketaren aurretik, auzipetuaren aseguru-etxeak ordaindu egin zituen heriotzengatiko kalte-ordainak. Orain, epaiaren ondoren, Auzitegiak ezartzen du zigortuak honako zenbateko hauek ordaindu behar dituela: hildakoetako baten anaia bati 5.220,75 euro; beste kaltetu bati 93.973,52 euro oinarrizko kalte pertsonalagatik, 417,66 euro ondarezko kalte pertsonalagatik eta 14.345 euro lortu gabeko irabaziagatik; eta beste zauritu bati 79,02 euro aldi baterako bizi-kalitatea larriki galtzeagatik, 2.081,64 euro aldi baterako bizi-kalitate moderatua galtzeagatik, eta 663,81 euro oinarrizko bizi-kalitatea aldi baterako galtzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Nafarroa Epaiketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Trafiko istripuen biktimak