Gizartea -

TRAFIKOA

Auto ilara luzeak sortu dira AP-8an eta A-8an, Getarian eta Ortuellan izandako ezbeharrengatik

Getarian, lehendabizi, kamioi batek matxura izan du, eta ondoren, ilara horietan, sei autok talka egin dute. Ortuellan, autobus batek matxura izan du, eta hiru erreietako bi itxi behar izan dituzte.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goiz korapilatsua izan da gaur goizean errepideetan, hein handi batean, euriak eraginda. AP-8 autobidean, Getaria parean, matxura mekanikoa izan duen kamioi batek hiruzpalau kilometroko auto ilarak eragin ditu Bilborako noranzkoan, eta, ondoren, sei ibilgailuren arteko istripua izan da Meagako tunelaren parean. Ondorioz, 5-6 kilometroko ilarak sortu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera.

Ezbeharra 08:00ak aldera gertatu da Bilborako noranzkoan. Inor ez da zauritu, baina errei bat itxi behar izan dute.

09:30ean, oraindik ere, lauzpabost kilometroko ilarak zeuden Getarian, Bilbora bidean. 11:00ak aldera, trafikoa normaltasunera itzuli da.

Bestalde, zirkulazio arazoak izan dira gaur goizean AP-8 autobidean, Biriatun. N-121-A errepidean, Irungo Zaisa biribilgunean sortutako pilaketak eragin zuzena izaten ari dira autobidean. Goizean zehar, 5 kilometroko ilarak izan dira. Lapurditik Irunera joateko, ostera, 3 kilometro ingurukoak izan dira.

Bizkaian ere arazoak izan dira, kasu honetan, A-8 autobidean. Ortuella parean, autobus batek matxura izan du, eta hiru erreietako bi itxi egin dituzte. Ondorioz, 5 kilometroko ilarak sortu dira. 10:30ak aldera, matxura izan duen ibilgailua erretiratu dute. Ondoren, toki berean baina kontrako noranzkoan, ibilgailu batek bi ertzain harrapatu ditu, eta zaurituta eraman dituzte ospitalera.

A-8 errepidean jarraituz, bi ibilgailuk talka egin dute Abanton Kantabriara bidean, eta ilarak sortu dira. Ezbeharra 08:42an gertatu da Ugaldebieta parean, eta gutxienez, pertsona bat zauritu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak errepideetan Trafikoa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Irun Gaurko azken orduko albistea AP8 Abanto Zierbena Getaria azken ordukoa Errepideko istripuetan zauritutakoak