Gizartea -
INKESTA EAE-KO GAZTEEI
Gazteen % 40 inoiz sare sozialetan integratuago sentitu izan dira, kalean edo etxean baino
Gurea Geroak euskal gazteen kezken inguruan gaur kaleratu duen inkestaren arabera, gazte gehienen hiru kezka nagusiek arazo ekonomikoekin eta enpleguaren kalitate txarrarekin dute zerikusia.
EITB MEDIA
Hezkuntza sistemak zure etorkizuneko beharrei erantzuten diela uste al duzu? Alokairuan ala jabetzan duzu etxebizitza? Nola baloratuko zenuke gure demokraziaren kalitatea? Zein ideiarekin lotzen duzu euskaldun izatea?... EAEko 18 eta 35 urte bitarteko 4.500 gazteri Gurea Geroak egin dizkien galderatako batzuk dira, horien kezkei eta eskariei buruzko argazkia ezagutu asmoz.
Ikerketaren ondorioen artean, besteak beste, gazteek sare sozialekin duten loturaren ingurukoa da nabarmentzekoa. Galdetutakoen % 40 inoiz sare sozialetan integratuago sentitu da, kalean eta etxean baino. Halaber, gazteen erdiek baino gehiagok (% 62k) uste dute demokraziaren kalitatea txarra dela.
Bestalde, inkestan parte hartu duten gehienen hiru kezka nagusiek arazo ekonomikoekin eta enpleguaren kalitate txarrarekin dute zerikusia. Halere, 10etik 8k etorkizunean etxe bat jabetzan izatea eta bertan bizitzea espero dute. Eredu alternatiboak, komunitatean bizitzearena, adibidez, % 11k aipatu dute. Enpleguari dagokionez, berriz, gazteen ia erdiek (% 48) lan modalitate hibridoa nahi dute, eta % 42k aurrez aurrekoa. Telelana % 10ek baino ez dute nahi.
Hezkuntzari eta politikari buruz galdetuta, gehien gehienek uste dute egungo hezkuntza sistema publikoak ez diela erantzuten gazteen etorkizuneko beharrei, eta konfiantza gutxi edo batere ez dute alderdi politikoengan.
Ikerketaren egileek ondorioetan nabarmendu duten beste atala, euskal gazteriak euskaldun izateari buruz duen iritzia da. Gazteek euskaldun izatea euskararekin, ohiturekin eta zenbait balio zehatzekin lotzen dute, eta azken horiek ez dira tradizionalak soilik; hala nola, elkartasuna eta aniztasunarekiko errespetua aipatu dituzte euskaldun izateko balioen artean.
Azkenik, EAEko gazteen % 64 Europar Batasunaren alde agertu dira, baina erreformak behar dituela uste dute. % 10ek baino ez dute adierazi EBren aldeko babes osoa, gaur egun diseinatuta dagoen bezala.
Osoigoren eta Play Grounden ekimenez Geroa Gureak egindako makro inkesta honetan, orotara, 61 galdera egin zaizkie gazteei. Soziologoek eta gazte talde batek prestatu dute galdeketa, eta emaitzak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen esku utzi dira gaur.
Santi Pisonero soziologoaren eta galdeketaren egileetako baten arabera, "euskal gazteriak badu oraingo eta etorkizuneko erronken gaineko ardura, eta aldatu beharrekoak aldatu nahi ditu". "Belaunaldien arteko gatazka bat dugu, larrialdi klimatikoak, ezinezko emantzipazioak eta sistemarekiko eta hura zuzentzen dutenekiko desafekzio orokorrak definitzen dutena", esan du.