Gizartea -
Izenak euskaraz
Hazia izenari betoa jarri dion Gasteizko epaileak beste haur bati Ilargi deitzea eragotzi zuen
Epaileak galarazi egin zien guraso batzuei beren seme jaioberriari Ilargi izena jartzea, neska izena zela argudiatuz. Horregatik, Jon izena inposatu zien. Familiak Auzitegi Gorenera jo zuen, eta epaiaren zain da.
EITB Media
Hazia izenari betoa jarri dion Gasteizko epaileak ukatu egin zion beste haur bati Ilargi deitzea, EITB Mediak jakin ahal izan duenez. Epaileak galarazi egin zien guraso batzuei beren seme jaioberriari Ilargi izena jartzea, neska izena zela argudiatuz. Horregatik, Jon izena inposatu zien. Familiak Auzitegi Gorenera jo zuen, eta epaiaren zain da.
Gasteizko epaile berdinak uko egin berri dio jaioberri bat Hazia izenarekin inskribatzeari, gutxiesgarria delakoan, eta "fonetikoki eta semantikoki oso antzekoa" den beste bat ezarri dio, Zia, Bergoi eta Alazne gurasoek aukeratutakoarekin bat ez datorrena.
Euskaltzaindiak izen neutroak, genero markarik gabeak, sartu zituen 2019an bere pertsona izendegian lehenengoz. Horrelako 500 izen inguru gehitu zituen (Alai, Aloña, Amaiur, Amets, Araitz, Artzain, Getari, Hurbil, Iraultza, Izaba, Jaizkibel, Kemen, Lohitzun, Sustrai…), eta pertsona izen txikigarriak, hipokoristikoak, ere (Aguxtin, Arritxu, Axun, Bittori, Engraxi, Frantxoa, Iñaxio, Itxaso, Ixabel, Jexux, Joxepe, Juantxo, Kattalin, Manu, Txetxu, Xabi…) txertatu zituzten.
Hala ere, Euskaltzaindia prest agertu da txosten bat idazteko alaba Hazia izenarekin erregistratu nahi duen Gasteizko familiari laguntzeko.
Hazia auziaren harira, oharra kaleratu du Euskaltzaindiak. Euskararen Akademiak azaldu duenez, Hazia izenari buruzko azalpenak eman zizkien gurasoei, beraiek horrela eskatuta.
Euskaltzaindiak ez du eragozpenik ikusten hizkuntza aldetik haurrari Hazia izena jartzeko, "izen arrunt batetik eratorritako beste izen batzuekin (Amets, Haizea, Lizar, Nahia, Zeru, Zuhaitz, etab.) gertatzen den moduan".
Akademiak gogorarazi du tarteka horrelakoak gertatzen direla erregistro zibiletan, "bereziki, izenari atxikitako generoa dela eta". Testuinguru horretan gogora ekarri du 2018an, malgutasunez jokatzeko eskatu ziola Espainiako Justizia Ministerioari generoari lotutako kasuetan, horren esanetan, "hortxe suertatzen baitira arazorik gehienak".