Gizartea -

Dokumentazioa

Zer da Krimea-Kongo sukar hemorragikoa?

Sukar hemorragikoari buruzko informazioa bildu dugu albiste honetan, hala nola, kutsatzeko modua eta gaitzaren sintomak zeintzuk diren.

01:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ZER DA SUKAR HEMORRAGIKOA?

Sukar hemorragiko biralek heriotza eragin dezaketen gaitzak dira, eta hainbat familiatako birusak izan daitezke haren sortzaileak: arenabirusa, filobirusa, bunyabirusa, togabirusa eta flavibirusa.

NOLA KUTSATZEN DA?

Aipatu birusak zenbait animalia eta intsektutan (euliak, kaparrak eta karraskariak) bizi dira. Gizakia eurekin kontatuan egotean, intsektuek ziztatzean edo karraskarien sekrezioak edo eskrezioak ukitzean transmititzen da gaitza.

POSIBLE AL DA GIZAKIEN ARTEKO KUTSATZEA?

Gaitza gizakien artean transmititzea posible da kutsatuta dauden fluidoak ukituta, baina soilik honako kasu hauetan: Ebola eta Marburg (filobirusa), Lassa (arenabirusa) eta Krimea-Kongo (bunyabirusa).

ZEINTZUK DIRA KRIMEA-KONGO SUKARRAREN EZAUGARRIAK?

Sukar hemorragiko biral larria eragiten du. Heriotza-tasa % 40koa izan daiteke eta, normalean, kaparren bidez transmititzen da. Ez dago gaitz honi aurre egiteko txertorik. Afrikan, Balkanetan, Ekialde Ertainean eta Asian gaixotasun endemikoa da, Osasunaren Munduko Erakundeak emandako datuen arabera.

Pertsonen arteko kutsatzea gaixoarekin harreman zuzena izanda edo haren fluido biologikoen bitartez gerta daiteke. Kutsatuta dauden objektuak ukituta ere posible da birusa transmititzea.

KUTSATU OSTEAN, ZENBAT DENBORA BEHAR DU GAIXOTASUNAK AGERTZEKO?

Kaparra batek ziztatu ondoren, gaitza hiru eta bederatzi egun arteko epean inkubatuko da.

Birusa kutsatutako odola edo ehunak ukitzeagatik transmititu bada, inkubazioa bospasei egunekoa izan ohi da; 13 egunekoa, gehienez.

ZEINTZUK DIRA SINTOMAK?

Sintomak bat-batean azaltzen dira: sukarra, muskuluetako mina, zorabioak, lepoko zurruntasuna eta mina, lunbagoa, zefalea, begietako narritadura eta fotofobia.

Horrez gain, goragalea, gonbitoak, beherakoa eta abdominaletako eta eztarriko mina izan daitezke, baita bat-bateko umore aldaketak eta nahasmena ere.

Bigarren eta laugarren egunaren artean, berriz, logura, depresioa eta ahultasuna ager daitezke. Abdominaletako mina eskuineko goialdean eman daiteke eta posible da hepatomegalia kasuak antzematea.

Beste zantzu batzuk: takikardiak, adenopatiak (ganglio linfatikoen hantura) eta azaleko hemorragiak barruko mukosetan (ahoa, eztarria eta azala).

Sarritan, hepatitis kasuak izaten dira, eta oso larri dauden pazienteek giltzurrunetako, gibeleko edo biriketako arazoak sufri ditzakete bosgarren egunetik aurrera.

Pazienteak bederatzigarren edo hamargarren egunean hasten dira hobera egiten. Sendatzen ez diren pertsonak, berriz, bigarren astean hil ohi dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak