Gizartea -

Gipuzkoa

Zubietako erraustegiak Arkaitz erreka kutsatu duela eta hori kontrola dezatela eskatu diote Aldundiari

Dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin dute gaur, Zubietan. Salatu dutenez, asteazkenetik dator zikin eta kutsatuta errekako ura, erraustegiaren azpitik pasa ondoren.

Zubietan gaur egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB MEDIA
Zubietan gaur egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB MEDIA
Zubietan gaur egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB MEDIA

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zubietako eta inguruko herrietako dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute gaur, larunbatean, Zubietan, erraustegiaren ondoko Arkaitz errekaren kutsadura salatu eta erraustegiaren aurkako jarrera berresteko. Ildo horretan, erraustegian zer gertatzen ari den azaltzeko eskatu diote Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari.

Salatu dutenez, asteazkenetik dator zikinduta eta kutsatuta errekako ura, Zubietako erraustegiaren azpitik pasa ondoren. Deitoratu dutenez, honakoa ez da erraustegiak egiten duen "lehendabiziko kaltea", eta euren kezka agertu dute azkena izango ez delakoan.

"Irregulartasunak, lege-hausteak, istripuak eta kutsatzeak behin eta berriro ari dira gertatzen", azpimarratu dute eta, horren harira, deitoratu dute ez dela lehenengo aldia Arkaitz erreka kutsatzen dena.

Halakoetan, baina, kutsatzeen berri eman dutenak herritarrak izan direla beti azaldu dute, nahiz eta Gipuzkoa "gainezka" egon erraustegia kontrola dezaketen, "eta obligazioa duten", funtzionario, agintari eta profesionalez.

Erraustegia bera gogor kritikatu dute Zubietan bildutakoek, eta berriro ere mahai-gaineratu dute hondakinak kudeatzeko modu "merkeago, osasuntsuago eta efikazagoak" daudela, "udal askok demostratu duten bezala".

Azkenik, erraustegia kontrolatzeko eskatu diote Gipuzkoako Aldundiari, baita horren nondik norako informazioa herritarrei helarazteko ere. "Markel Olano, zer ari da gertatzen Zubietako erraustegian?", galdetu diote Gipuzkoako ahaldun nagusiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Zubieta berriak Salaketak berriak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Euskal Herriko ibaiak Kutsadura Gipuzkoako Foru Aldundia