Gizartea -

Ertzaintza

Lapurreta edota iruzurrezko karguak online salatu ahalko dira Euskadin hilabete honetatik aurrera

Salaketa elektronikoa euskadi.eus webgunean egin ahalko da sinadura digitalaren bidez. Hori bai, lapurra ezezaguna den kasuetan eta indarkeriarik gabeko delituetan bakarrik egongo da eskuragarri. Halaber, trafiko isunak lekuan bertan ordaintzeko sistema ere jarriko du martxan Ertzaintzak.

Larriak ez diren delituak elektronikoki salatu ahalko dira hilabete honetatik. Argazkia: Pixabay
Larriak ez diren delituak elektronikoki salatu ahalko dira hilabete honetatik.
Larriak ez diren delituak elektronikoki salatu ahalko dira hilabete honetatik. Argazkia: Pixabay

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabete honetatik hasita, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) indarkeriarik gabeko lapurreta baten biktima izan denak bere ondasunen batean kalteak izan dituenak edo kreditu txartelean iruzurrezko karguren bat duenak online jarri ahalko du salaketa, ertzain etxe batera joan behar gabe. 

Hala iragarri du gaur, asteazkenarekin, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak prentsaurreko batean. Era horretara, aukera hori duen Espainiar Estatuko lehenengo polizia izango da Ertzaintza. "Oso prozedura segurua eta bermatzailea da, autentifikazio-sistema eta sinadura digital ofiziala izatea eskatzen baitu", azpimarratu du sailburuak.  

Salaketa sarean egiteko, baina, hainbat baldintza bete beharko dituzte delituzko ekintzek, Erkorekaren hitzetan. Lehenik eta behin, egilea nor den ezagutzen ez den edo identifikatzeko modurik ez dagoen eta lekukorik ez dagoen kasuetan bakarrik egongo da eskuragarri. Bigarrenik, indarkeriarik edo larderiarik gabeko delituak dira salatu ahal direnak, alegia larriak ez diren delituak. 

Salatzaileak Eusko Jaurlaritzaren webgunera (www.euskadi.eus) jo behar du, eta inprimakia bete eta delituzko ekintzak frogatzeko dokumentazioa (argazkiak zein dokumentuak direla) erantsi ahalko du. Salaketa izapidetzeko identifikazio elektroniko ofiziala beharko da. Dena dela, halakorik eduki ezean, inprimakia deskargatu, hura bete eta Ertzaintzaren komisaria batean aurkeztu ahalko da 72 orduko epean. 

Salaketa elektronikoa onartuta eta sinatuta, balio juridiko osoa izango du. Gainera, salatzaileak Jaurlaritzaren webgunean (Nire karpeta atalean) eskura izango ditu salaketaren ziurtagiria, aktaren kopia eta baita bere eskubideak ere, eta, hala, gerora ez du zertan ertzain etxe batera joan, ez bada salaketa zabaltzeko edota datu berriak eransteko. 

Zirkulazio isunak bertatik bertara ordaintzeko aukera

Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua ondoan zituela, beste berrikuntza bat ere jakinarazi du Erkorekak agerraldian: Ertzaintzaren trafiko patruiletan ordainketa unean eta lekuan bertan egiteko prozedura berria. Patruilek ordainketa egiteko 40 gailu izango dituzte (15, Bizkaian; 15, Gipuzkoan eta 10, Araban) irteera eta itzulera operazioan. 

Isunak bertatik bertara ordaintzeko gailua.

Horri esker, trafikoko arau hauste bat egiten dutenek Ertzaintzak isuna jartzen dien unean eta lekuan bertan ordaindu ahal izango dute, eta, hala, "goiz ordaintzeagatiko deskontuak" izango dituzte, isuna etxean jasotzearen zain egon gabe. 

Ordainketa beti modu digitalean egin beharko da (kreditu txartelaren bidez edo ordainketa elektronikoen bitartez; inoiz ez, eskudirutan), eta ondoren, ordainagiria jasoko du salatutako pertsonak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zibererasoak Lapurretak