Gizartea -

KORONABIRUSA

% 22,9 egin du gora ospitaleratutako pertsona kopuruak astebetean, eta ia bikoiztu egin dira ZIUetako gaixoak

Halere, 22 pertsona hil dira aurreko astean koronabirusa dela eta, aurrekoan baino zortzi gutxiago.

Gizon bat musukoa jarrita, kalean. Artxiboko argazkia: EFE
Gizon bat musukoa jarrita, kalean
Gizon bat musukoa jarrita, kalean. Artxiboko argazkia: EFE

I.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko osasun sisteman ospitaleratutako pertsona kopurua % 22,9 hazi da astebetean, 410etik 504ra igota.

Euskadin koronabirusak duen intzidentziari buruzko asteko txostenaren arabera, ZIUetan artatzen ari diren gaixo kopurua 23ra igo da aurreko astean, duela bi aste 12 ziren egoera horretan zeuden eriak.

Gainera, 22 pertsona hil dira azken astean, koronabirusaren eraginez, aurreko epean baino zortzi gutxiago.

Positibo kopuruari dagokionez, aurreko astean 7.882 kasu berri zenbatu dituzte (egindako hiru testetik batek positibo), aurreko asteko 5.543ren aldetan. Hala, hildakoen adierazlea alde batera utzita, gainerakoek goranzko joerari eutsi diote.

Halaber, 14 eguneko intzidentzia metatuak ere gora egiten jarraitu du egunez egun. Astelehenean (ekainak 27) 472,51 kasutan hasi zuen astea, eta igandean 612,12an kokatu zen.

Gaixotasunak 80-89 urteko adin tartean izan du eragin handiena, eta ondoren 60-69 eta 0-9 urteko adin tartean, tasen arrazoiari erreparatuta. 

Gauzak horrela, koronabirusaren intzidentziaren gorakadaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zuhurtziari eustea eskatu du, are gehiago, udaldian interakzio sozialak ugaritzearekin bat, covid-19arekin kutsatzeko aukerak ere areagotu egiten direlako. 

Ohar baten bidez adierazi duenez, "azken asteetan Euskadin gora egiten ari da diagnostikatutako kasuen kopurua, bai eta Covid-19rekin izandako ospitaleratzeen kopurua ere". Horregatik, zuhurtziaz jokatzeko deia egin die, batez ere, zaurgarritasun egoera berezian egon daitezkeenei, hau da, 60 urtetik gorakoak, immunoeskasia eragiten dieten gaixotasunak dituztenak eta haurdun dauden emakumeak. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa