Itxi

Gizartea

Transexualitatea

331 pertsona transexualek, erdiak adingabeak, eskatu dute identitate sexualerako dokumentu iragankorra 2016tik

Agentziak | EITB Media

Duela lau urte hasi zen Jaurlaritza pertsona transexualei zuzendutako dokumentazio hori eskaintzen. Ordutik, nabarmen igo da eskaera egiten duten adingabeen kopurua.

  • 180 adingabek eskatu dute identitate sexualerako aldi baterako dokumentua 2016tik.

    180 adingabek eskatu dute identitate sexualerako aldi baterako dokumentua 2016tik. Argazkia: Pixabay

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren 331 pertsona transexualek, erdia baino gehiago adingabeak, eskatu dute identitate sexualerako dokumentu iragankorra 2016tik. Dokumentu horri esker, euren identitate sexuala aitortuta dute eskatzaileek, Erregistro Zibilean behin betiko aldaketa egin arte.

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariak eman ditu datuok Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean. Pertsona transexualak sexu identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Legea erreformatzeko ekarpenak egiteko epea zabalik dago, eta horren kontura eman du informazioa Hernandok.

Zuzendariaren hitzetan, erreforma "aproposa eta beharrezkoa" da. "LGTBI kolektiboaren egoeraren bilakaera egokia izan da, baina oraindik badago zer egina", aitortu du.

Hernandok emandako datuen arabera, nabarmen hazi da eskaera egiten duten adingabeen kopurua. Duela lau urte, 2016an, 15 eskaera izan zituzten (ez zen adingaberik izan eskatzaileen artean) eta 2021ean, 100 izan ziren (% 60 baino gehiago adin txikikoak ziren). 2022 honetan, 28 pertsonek jo dute dokumentua eskatzera (aurten ere, % 60 adingabeak izan dira). Horrez gain, EAEn bizi baina jatorri atzerritarra duten 43 lagunek eskatu dute dokumentua.

Ohartarazi duenez, euskal jendartea irekiagoa da, baina jarrera intoleranteak mantentzen ditu, batez ere intersexualitate edo transexualitate kasuen aurrean. Horren ildoan, Ikuspegiren txostenaren datuak gogorarazi ditu. Horren arabera, bi herritarretik batek iruzkin negatiboak edo zurrumurruak entzun ditu bere joera sexualaren kontura, % 42,5ek irainak entzun dituzte eta % 17,9k mehatxuak. Galdetutakoen % 13,5ek eraso fisikoak pairatu dituzte.

"Giza eskubideen aldeko aldarriak oinak labainkor ditu", deitoratu du Hernandok. Aniztasunaren aldeko mezuak zabaltzearen beharra azpimarratu du eta erakundeen arteko koordinazio "hobe eta handiagoa".

Berdinduk, sexu aniztasunarekin lotutako gaiei buruzko informazioa eta arreta emateko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak, artatutako pertsonen datuak ere eman ditu Hernandok. Horren arabera, 2021ean kontsultaren bat egin duten lagunen % 21 transexualak ziren, tartean 66 adingabe. Halaber, aholkularitza eske joandako 81 familiari egin zien arta Berdinduk. Gehienek seme-alaben sexu identitate ez-normatiboek "eragindako kezka eta estutasunak" tarteko jo zuten zerbitzura. Azkenik, ikastetxeetan egindako lanaren berri ere eman du Hernandok: 2.000 irakasle pasatxori eman diete formazioa, eta 159 ikasgeletan (3.220 haur eta nerabe).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena