Gizartea -

Bilboko Portua

Saneamendu-sistema berria eraikiko dute Bilboko Portuko hondakin-urak Galindoko araztegira eramateko

Hoditeria berriari esker, itsasora euri-urak eta hozte-urak baino ez dira isuriko. URA-Uraren Euskal Agentziak, Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hitzarmena sinatu dute. 20 milioiko inbertsio publikoa aurreikusten da eta lanak hiru fasetan egingo dira.

Bilboko Portua.
Bilboko Portua.
Bilboko Portua.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

URA-Uraren Euskal Agentziak, Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Bilboko Portuko saneamendu-sistema berria eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Sistema horren bidez kolektore-sare bat eraikiko da portuaren eremu osoan, bertoko industria- eta hondakin-urak Galindoko Hondakin Uren Araztegira (HUAra) eramateko. Gaur egun dauden arazketa-instalazioak ordezkatuta, itsasora egingo diren isurketa bakarrak euri-urei eta hozte-urei dagozkienak izango dira, kutsatze ahalmen txikia dutenak.

20 milioi euroko inbertsio publikoa beharko du egitasmoak eta URAk eta Portu Agintaritzak ordainduko dute, gehienbat. Proiektu horrek, gainera, Europar Batasunaren finantzazioa jasoko du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez (Next Generation EU).

Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian parte hartu dute Arantxa Tapiak, URAko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak; Ricardo Barkalak, Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakariak; eta Kepa Odriozolak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko lehendakariak. 

Azaldu dutenez, hitzarmen honek etorkizunean portu-eremu osoan saneamenduen gestiorako irtenbide integratu bat sortzea ahalbidetzen du. Hau da, 120 isurketa-puntu bildu eta ezabatuko dituen soluzio bat, hondakin-urak portuko hodi-biltzailearen puntu bakar batean bilduko dituena. 

Gainera, etorkizuneko eskaerak aurreikusi da eta aurrerantzean Bilboko Portura etor daitekeen edozein jarduerak saneamendu-azpiegiturara konektatzeko aukera izango du.

Aurreikusitako saneamendu-sistema huts-sistema bat da: hondakin-urak biltzeko eta bideratzeko, grabitatea edota bulkadak darabiltzaten saneamendu-sistema ohikoagoak ez bezala. Funtsean, hasieran, isurketak grabitatearen bidez bilduko dira puntu batean, eta, handik, hutsaren teknikaz, delako huts-estazio batera bideratuko dira; hortik, azkenik, araztegira ponpatzeko.

Lanak hiru fasetan

Bilboko portuaren hedadura dela eta, Santurtziko eta Zierbenako portu-espazio guztietarako proiektatutako saneamendu-sistema berria hiru fasetan egikarituko da.

I. Fasean Santurtziko kaietako eta Morru Nagusiko eremuan egingo dituzte lanak. Guztira, 9,1 milioi euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontua beharko duten jarduketak dira, BEZa barne; eta Bilboko Portu Agintaritzak eta Uraren Euskal Agentziak erdibana ordainduko dute.

II. Fasean portuaren zabaltze-kaietan hondakin-urak biltzeko eta deribatzeko esku-hartze eta instalazio gehigarriak egingo dira. Guztira, 9,3 milioi euroko (BEZa barne) oinarrizko lizitazio-aurrekontua beharko dute. Hauek ere, Bilboko Portu Agintaritzak eta Uraren Euskal Agentziak erdibana ordainduko dute.

III. Fasean, Zierbenako udalerriko portuko industrialdean, Zierbenako portuko biaduktuak bereizten duen eremuan egingo dituzte lanak. Hitzarmen honetan, hiru aldeek konpromisoa hartu dute hirugarren eremu horretako hondakin-urak biltzeko beharrezkoa den eraikuntza-proiektuaren idazketa finantzatzeko. Horretarako, proiektuaren herenak finantzatzeko konpromisoa hartu dute. Lizitaziorako aurreikusitako oinarrizko aurrekontua 250.000 eurokoa da, BEZa barne.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Itsasadarra Bilbao Eusko Jaurlaritza berriak Bilboko Portua albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Ingurumena albisteak Ura albisteak gaur