Gizartea -

MANIFESTAZIOA

"Euskara Aurrera" lelopean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute milaka lagunek Donostian

Gazte Euskaltzaleen Sareak deitutako eta euskalgintzak babestutako manifestazioan, euskara "kohesio sozialerako hizkuntza bilakatzea" eskatu dute. Era berean, eskaera zuzena egin diote Administrazioari: martxan jar ditzala "hizkuntza politika eraginkorrak", euskalgintzarekin elkarlanean.

Manifestazioaren burua, Donostian. Argazkia: Amaia Arostegi | EITB Media
Manifestazioaren burua, Donostian. Argazkia: Amaia Arostegi | EITB Media
Manifestazioaren burua, Donostian. Argazkia: Amaia Arostegi | EITB Media

01:21

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun bildu dira gaur arratsaldean Donostian, Gazte Euskaltzaleen Sareak deitutako eta euskalgintzako hamaika eragilek babestutako manifestaziora, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzera.

17:30ean abiatu da martxa Antiguako tuneletik, "Euskara Aurrera" lelopean, gazte ugari tartean zirela.

Pankarta nagusiaren atzean, "Azterketak euskaraz" leloa zeraman beste bat nabarmendu da, Ipar Euskal Herriko ikasleek eraman dutena, baxoa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko. Ibilbidearen hasieran, mendi magalean ere beste bat jarri dute Etxepareko ikasle asanbladaren izenean.

Bestelako hainbat aldarrikapen ere ikusi ahal izan dira pankartetan; "ETBn euskarazko fikzioa areagotzea", adibidez. Hala, "Euskara Aurrera", "Azterketak euskaraz" eta "Euskal Telebista euskaraz" leloak izan dira entzunenak hasierako metroetan. "Euskaraz bizi nahi dugu", "Gazteok ere euskaraz" eta "Euskara ofiziala" oihuak ere etengabeak izan dira ibilbide osoan.  

Amaiera ekitaldian, euskara "kohesio sozialerako hizkuntza bilakatzea" aldarrikatu dute deitzaileek. Begoña Garaikoetxea Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak eta Aize Otaño AEKko zuzendaritzako kideak irakurri dute testua. "Badira argi izpiak eta kimu berriak" nabarmendu dute; izan ere, "ehundaka dira Euskal Herri ooan euskararen alde ari diren herri ekimenak". Euskarak herri bultzada behar duela aldarrikatu dute eta eskaera zuzena egin diete Administrazioei: "hizkuntza politika eraginkorrak" martxan jar ditzatela, euskalgintzarekin elkarlanean.

Manifestazioa, Kontxako pasealekutik igarotzen. Argazkia: Xabier Urteaga | EITB Media

Manifestazioaren aurretik komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Garaikoetxeak azaldu du manifestazioa deitu dutela "gazteok kezkatuta gaudelako euskararen egoera dela-eta. Hasieratik ipini gara euskalgintzarekin kontaktuan, harremanak egin ditugu, lankidetzan aritu gara, ikusten genuelako manifestazio hau izan behar zela inflexio puntu moduko bat, bai euskararen egoeraz jakinarazteko, uste dugulako azken aldian eman dela asimilazio moduko bat, 'gauzak ondo daude', eta ez da egia, zeren larria da egoera, eta uste dugu herria aktibatzeko eta antolatzeko momentua dela, eta, era berean, eskatzeko eta exijitzeko egiturazko neurri batzuk egoera honi aurre egiteko".

fdasfsa

Euskalgintzak bat egin du deialdiarekin

Euskalgintzako 12 eragilek bat egin dute "Euskara Aurrera" egitasmoarekin eta gaurko manifestazioarekin: Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herrian Euskarazek, Jakinek, Elhuyarrek, Pantailak Euskaraz ekimenak, Bai euskarari ziurtagiriak, Maizpide euskaltegiak, Ikastolen Elkarteak, AEK-k, Elkarrek eta UEMAk.

Kontseiluko buru Paul Bilbaok "ilusioa eta inflexioa" aipatu ditu manifestazioa abiatu baino minutu batzuk lehenago: "Ilusioa berriz ere Donostiako kaleak beteko ditugulako. Ilusioz baina determinazioz, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko, eta euskaraz bizitzea gure eskubidea dela lau haizetara zabaltzeko. Baina hori guztia, esan bezala, ilusioz egingo dugu, ikusten dugulako euskararen katea ez dela eten. Gazte Euskaltzaleen Sareak determinazioa erakutsi du euskararen borrokarekin aurrera egiteko, eta, beraz, euskararen katebegi sendo bat izango dugu hemendik aurrera".

"Ez dakit gaurko eguna historikoa den, baina, benetan, euskararen historian, argazki hau gorde beharko dugu", gaineratu du.

Gaur egun oraindik ezin dela Euskal Herrian euskaraz bizi salatu du Bilbaok, eta hori iraultzeko "hizkuntza politikak berrikustea" beharrezkoa dela adierazi du. Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten politikak "ahalik eta arinen abian jartzea" ere eskatu du: "Horretarako bildu gara hemen, batasunetik, bateratasunetik eta aldarri bakarrarekin: Euskara Aurrera".

Boulevardeko azken ekitaldia. Argazkia: Amaia Arostegi | EITB Media

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea