Gizartea -

BIODIBERTSITATEA

Euskadiko lurraldearen laurden bat ingurumen-babeserako figuraren baten mende dago

Espezie batzuk nabarmen hazi dira, hala nola baso-inguruneetako tximeletak eta zenbait arrain, esaterako, amuarraina eta gobioa. Izokina egonkortu egin da, eta aingirak, berriz, atzera egiten jarraitzen du. Inkestatuen % 3k uste du biodibertsitatearen galera ingurumen-arazorik kezkagarriena dela.

Urdaibai. EITB Mediaren artxiboko argazkia.
Urdaibai. EITB Mediaren artxiboko argazkia.
Urdaibai. EITB Mediaren artxiboko argazkia.

01:16

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko lurraldearen laurden bat ingurumen-babeserako figuraren baten mende dago, hamarkada honen amaierarako Europar Batasunak markatutako % 30eko zifra lortzetik gertu. Hala adierazten du Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen Biodibertsitateari buruzko Euskadiko Ingurumen Profila 2022 txostenean, maiatzaren 22an izango den Biodibertsitatearen Mundu Egunaren bezperan.

Txosten hori Ihobe sozietate publikoak urtero egiten duen dokumentua da, eta 35 adierazleren bidezko diagnostikoa eskaintzen du.

Datuen arabera, Euskadiko lurralde osoaren % 24,2 babespean dago, 175.330 hektarea guztira. Espezieei dagokienez, aztertutako hegaztien % 37en populazioak gora egin du, eta gainerako espezieen % 20k kontserbazio-egoera ona erakusten dute. Emaitza onenak dituztenen artean, anfibioak, narrastiak eta ugaztunak daude, hiriguneetan, goi-mendietan eta baso-inguruneetan bizi diren hegaztiez gain.

Dena den, nekazaritza-inguruneko hegazti-populazioa % 44 jaitsi da eta egoera kezkagarria da. Halaber, euskal kostaldean alga gorriaren biomasa % 85 murriztu da 25 urteko epean, eta Zostera noltii fanerogamoa (posidoniaren antzeko itsas landarea) ia % 10 murriztu da bost urtean.

Azken urteotan, berriz, espezie batzuk nabarmen hazi dira, hala nola baso-inguruneetako tximeletak eta zenbait arrain, esaterako, amuarraina eta gobioa. Izokina egonkortu egin da, eta aingirak, berriz, atzera egiten jarraitzen du.

Biodibertsitatean egindako Inbertsioei dagokienez, 2021-2027 aldian Euskadiko Natura 2000 Sarearen kudeaketa 119 milioi eurokoa izango dela kalkulatzen da. Eusko Jaurlaritzak Natura Sareko guneei buruz egindako azterlan baten arabera, eskaintzen dituzten zerbitzuen eta onuren balio ekonomikoa leku horietan egiten den gastu zuzena baino zazpi aldiz handiagoa da.

Azkenik, Euskadik 2019an jasotako bisiten % 13,9en helburua naturaz eta landa-turismoaz gozatzea izan zen. Txostenak baita euskal gizartearen iritzia ere eskaintzen du eta horren arabera, inkestatuen % 3k uste dute biodibertsitatearen galera ingurumen-arazorik kezkagarriena dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Eusko Jaurlaritza EAE Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zientzia berriak Zientziaren hedapena Animaliak azken ordukoa Larrialdi klimatikoa 2024